Zinemaren eta IKTetako berrikuntzaren arteko topagune izango den jardunaldi berri baten sorrera iragarri dute Donostia Zinemaldiak, Petronorrek eta Tecnaliak, sinatu berri duten hitzarmenaren aurkezpen agerraldian. Zinemaldia&Tecnology izena hartuko du, eta irailaren 23an egingo dute Tabakalerako patioan.
Aurrerapen teknologiko berriak, haien aplikazio posibleak eta sorkuntzan zein negozioan agertzen diren aukerak ezagutzeko helburuarekin batu dira hiru erakundeak, eta Zinemaldia ‘gogoeta-gune’ bilakatzeko asmo irmoa azaldu dute. Teknologoentzako, zinegileentzako eta industria zinematografikoko profesionalei zuzendutako espazioa izango da, eta sektore horretara teknologia eramaten ari diren eragile publiko eta pribatuen presentzia bermatu dute.
Goizeko 10:00etatik arratsaldeko 14:00etara luzatuko da ekitaldia, eta Juan Antonio Bayona zinegileak egingo du inaugurazio-ekitaldiko hitzartzea. Zenbait aurkezpen eta erakustaldi egingo dira, eta puntako teknologia hauen inguruan harreman sareak lantzeko gune bat ere egongo da. Aipatu bezala, eta jardunaldiaren osagarri, erakunde publiko zein enpresa pribatuetako zenbait ordezkari jardungo dira eztabaidan.
Sarrera doakoa izango da, eta Zinemaldiaren akreditazioa beharko da. Zinemaldian parte hartuko ez duten horiek ere izango dute sartzerik, baldin eta Tecnaliaren webguneko jarraibideak betetzen dituzten. Esteka horretan bertan topatuko duzue ekitaldiari buruzko informazio zabalagoa.