Santurtzine VI film laburren jaialdia aurkeztu berri dute

Santurtzin antolatuko duten Santzurtzine film laburren jaialdiak aurtengo VI. ekitaldia aurkeztu berri du. Guztira jasotako 583 lanetatik 35 film ikusi ahal izango dituzte ikus-entzuleek irailaren 28tik urriaren 20ra bitartean. Lau sail izango baditu ere, bosgarren atal berezi baten berri emango dute jaialdiaren hasieraren bezpera egunean.

Santurtzine VI aurkeztu berri du Iñigo Cobos jaialdiko zuzendariak Danel Bringas herriko Kultura zinegotziarekin, Andoni Aranzabe Bizkaiko Hezkuntzako Amnistia Internazionalaren arduradunarekin eta Aitor Ipiña Bizitegiko gerentearekin batera eman duen prentsaurrekoan. Urtero bezala, “jaialdiak herriko jarduera kulturala eta soziala bultzatu” nahi duela adierazi du Cobosek, ostalaritza, merkataritza eta zinema uztartuz.

Hamalau film laburrek parte hartuko dute herriko lanei eskainitako sail berezian, eta hamarrek, berriz, Estatu Espainiarreko lanak hartuko dituen atalean. Azken honetan, Oscar sarietan Espainia ordezkatuko duen Campeones (2018) filmaren zuzendariak egindako laburra, eta Fernando Albizuren, Melani Olivaresen, Adam Jezierskiren eta Carlos Chamarroren azken lanak ikusi ahal izango dituzte bertaratutakoek. Cobosek zera aitortu du:“proiektu bakoitza ezberdina izango da, izan ere, estilo askotako film laburrak batu ditugu. Gainera, lehen aldiz, sail bakoitzak identitate propio bat izango du”.

Bi sail horietako epaimahaia Itziar Ituño eta Diego Pérez aktoreek, Karmele Soler makilatzaileak, Jerónimo García zuzendariak, Mireia Gabilondo aktore zein zuzendariak eta Mikel Pagadi gidoilari eta aktoreak osatuko dute. Bestalde, Calasanz, Kantauri eta Carmelitas ikastetxeko ikasleek Ibiltaria Saria banatuko dute. Hautagaiak Argentina, Txekiar Errepublika, Espainia, Frantzia, Egipto, Siria, Alemania, Hungaria, Ukrainia, Irak eta Irlandatik aurkeztutako ekoizpenak izango dira. Aurtengo ekitaldian Amnistia Internazionalaren lankidetzan, armen merkatuari begira jarri dute begirada.

Beste behin, Santurtzine XS sailean Lehen Hezkuntzako haurrei kamera bat luzatuko diote, zinemaren inguruko hausnarketak batu ditzaten. Euskal Pantailak atalean, Handia (Jon Garaño eta Aitor Arregi) eta Zuk (Unax Blanco) filmak proiektatuko dituzte, eta zuzendarien mahai-inguru batek jarraituko dio ekimenari. Urtero bezala, ostiralero herriko tabernek film laburren emanaldiak antolatuko dituzte, musika eta antzerki saioekin batera.

Berrikuntzen artean, Santurtzine eta Manchesterreko Homeless Film Festival jaialdiaren arteko lankidetza azpimarratu behar da. Akordioak etxerik gabeko pertsonen integrazioa bultzatu nahi du ikus-entzunezko adierazpen artistikoen bitartez. Gainera, urriaren 11n Secret Party ekimena antolatuko dute, Maisu Jatetxeak pintxo-pote berezia eskainiko du, eta Merkatari Batuak elkarteak jai bat antolatuko du.

Irailaren 29an irekiera festa antolatuko dute Euskal Herria itsasontzian. Bertaratzeko sarrerek 15 euro balio dituzte eta Bar Dixon’s tabernan daude eskuragarri.

Informazio gehiago Santurtzine jaialdiaren webgunean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude