Veneziako Mostra 2018: ‘Roma’ filmak jaso du Urrezko Lehoia

“Garena ehuntzen duen haria da memoria”

Esaldi honekin laburbildu du Alfonso Cuarón zuzendariak Twitter bidez bere azken ekoizpena. Netflixek Veneziako Mostrako Sail Ofizialean sartzea lortu duen hiru filmetako bat izanik, 2013an aurkeztutako eta zuzendari onenaren Oscar saria jasotako Gravity zientzia fikziozko istorio hartatik oso urrun kokatuko den ekoizpenarekin iritsi da mexikarra jaialdi italiarrera. Eta nola iritsi ere, Alberto Babera Mostrako zuzendariak aurtengo egitaraua aurkeztu zuenetik, Urrezko Lehoia irabazteko hautagai nagusi bilakatu zen, eta kinielek ez dute hutsik egin. Izan ere, Guillermo del Toro epaimahaiburuari, ekitaldira bertaratu direnen txalo zaparrada handi baten babespean, bere herrikidea saritzea tokatu zaio.

70eko hamarkadan girotutako film intimo eta melankoliakoa izango da Alfonso Cuarónena, eta Mexiko Hirian Roma kolonia gisa ezagutzen den auzoan lan egiten duen Cleoren (Yalitza Aparicio) istorioa izango du ardatz. Zuzendariak aitortu bezala, haurtzaroan bere kargu egin ziren emakumeak omendu nahi izan ditu, izan ere, “bere oroitzapenetik aterata, benetako bizipenetan” oinarrituta dago filma, Y tu mamá también (2001) egin zuenetik bere ama hizkuntzan, gaztelaniaz, zuzentzen duen lehena.

Ezinbestekoa da, ordea, ezeren aurretik, filmaren izenburuari erreparatzea: Roma. Izan ere, beharbada oroitzapenak eta memoria jorratu izan dituen zinemaren historiako zuzendari esanguratsuenari egindako keinu sinbolikoa sumatzen zaio Cuaróni. 1972an, izen bereko lan gogoangarria estreinatu zuen Riminin jaio baina bere ibilbide artistikoa italiar hiriburuan gauzatu zuen Federico Fellinik. Urte luzez ezagutu zuen Erroma irudikatu zuen maisu italiarrak zinema egiteko bere modu eta estilo imitaezinean, gainera, hurrengo urtean, Amarcord (“nire oroitzapenak” esan nahi du Romagna eskualdeko dialektoan) aurkeztu zuen zuzendariak, haren jaioterria omentzen duen lan nostalgikoa.

Cuarónen filmak, baina, Felliniren gehiegikeria estetikoak, pertsonaia esperpentikoak eta amets zein pasarte onirikoak baztertuko ditu. Mexikarraren planteamendua guztiz bestelakoa izango da: errealismoa bilatuko du, bai irudiaren konposizioan baita ekintzen gauzatzean ere. Errealismo berriko film gogoangarrienak eta garrantzitsuenak janzten zituen zuri-beltz garbi eta gardenaren aldeko apustua eginez, langile familia batean barrera murgilduko da zuzendaria (hala ere, ezin da mugimendua italiarrarekin zuzenean lotu, oroitzapenek gidatutako ekoizpena baita, eta ez filma landu den garaiko ekintza eta gertakarietatik sortutakoa). 1971ko ekainaren 10eko langile iraultzaren oihartzunak ageri direla, Cuarón oraindik haur bat besterik ez zen gizarte hartako klase eta arrazen arteko harreman hierarkiakoa erakutsiko du filmak. Fokua, beti ere, pelikulan familiaren zerbitzaria izango den Cleo pertsonaian jarriz.

Aktore ez profesionala den  Yalitza Aparaciok haragitutako Cleo, emakumea eta indigena izanik (zerbitzatzen duen familiako beste emakumearekin mexikar natiboan hitz egiten erakutsiko du zuzendariak), sistema patriarkalaren esklabo izango da. Izan ere, gizonek ez dute tokirik izango Cuarónen filmean, emakumeen mundua, garai hartan beraien kargu geratzen zen eremu pribatua, eta bere garrantzia, aldarrikatuko ditu. 70eko hamarkadako Mexiko Hiriaren egunerokotasunean murgilduko du Cleo, 75 mm-tan filmatutako plano luze, zabal eta sakonetan barrena.

Panoramikaz panoramika eraikiko du zuzendariak filma. Kamera pertsonaiengandik urrun utziz, irudi bakoitzak bizitza zati erakutsiko du. Iraupen luzeko planoen erabilerak eremu sakonerarekin jolasteko aukera emango dio Cuaróni, gertaeren eta ekintzen denbora erreala errespetatuz eta maila ezberdinetan kokatuta dauden elementuak maisutasunez erakutsiz. Gorputzaren mugimenduak, haizea, lehortzeko eskegita dauden jantziak, zinema aretoan etengabe sartu eta irten dabiltzan gazteak… denak ere, errealitate zatitu edo kutsatugabean azalduko ditu, bizitzaren jarioak merezi duen errespetua mantenduz.

Zuzendariak behatzaile soilaren rola esleituko dio ikus-entzuleari, hala, hiriaren, auzoaren, egunerokotasunak hartuko du filmaren lehen zatian garrantzia. Eta pixkanaka pixkanaka,  mexikarrak, filmaren protagonista nagusia aurkeztuko dio, bere oroitzapenak partekatuko dizkio, bere memorian zehar bidaiatzeko gonbita egingo dio.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude