Musika beltzari eskainitako zine zikloa antolatuko du Beltza Weekend musika jaialdiak

Beltza Weekend musika jaialdiak “musika beltz zaharraren” omenez antolatutako zinema zikloa prestatu du Iruñean. Bihar ekingo dio aurtengo ekitaldiak Ray (Taylor Hackford, 2004) filmaren emanaldiarekin, Kondestable Jauregian, eta datozen asteetan beste bi film gehiago pantailaratuko dituzte.

Ray Charles musikariaren bizitza kontatzen duen Ray filmak emango dio bihar, 19:30etan, Beltza Weekend musika jaialdiak antolatutako zinema proiekzioei hasiera. Jamie Foxx aktoreak jazz, rhthym and blues, country, gospel eta rock’n’roll estiloak jorratu zituen musikari itsua haragituko du filmean, eta emanaldia Eguzki Irratia irratsaioko Grupo Salvaje saioa zuzentzen duen Germán Rubiok aurkeztuko du.

Irailaren 18an, ostera, Jeffrey Levy-Hinte zinegilearen Soul Power (2008) pelikula emango dute. Zikloa, bestalde, Wattstax (Mel Stuart, 1973) filmak itxiko du irailaren 25ean. Bi saioak Miguel Ángel González González eta Ion Celestino musikariek aurkeztuko dituzte. Hiru emanaldiak doan izango dira, jatorrizko bertsioan eta gaztelaniazko azpitituluekin.

Beltza Weekend musika jaialdiaren bigarren ekitaldia urriaren 4tik 6ra bitartean antolatuko dute Iruñean. Besteak beste, Sister Cookie, The Beat From eta King Salami & The Cumberland Three  taldeek joko dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude