ZINEBIK 33 film laburrez osatutako zikloa aurkeztuko du Espainiako Filmotekan

Espainiako Filmotekak ZINEBItik igaro diren 33 film laburren aukeraketa jasotzen duen zikloa antolatu du  Madrilen. Gaurtik hasita, eta azaroaren 29ra arte Bilboko jaialdiaren 59. edizioko lanak ikusteko aukera izango du bertaratzen den interesatu orok.

Guztira sei saio antolatuko dituzte Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak eta Espainiako Filmotekak Madrilgo Doré aretoan. Hasiera ekitaldia gaur egingo dute 20:00etan, egoitzan bertan, eta Vanesa Fernández Guerra ZINEBIko zuzendariak aurkeztuko du, Carlos Reviriego filmotekako programazio zuzendariarekin batera. Besteak beste, hautaketan sartu dituzten 33 lanen barruan iaz Animazio Film Labur Onenaren Oscar sarietarako izendapena jaso zuen eta Bilboko jaialdiko Sari Nagusia jaso zuen Max Porterren eta Ru Kuwahataren Negative Space, eta Nazioarteko Dokumental Onenaren Urrezko Mikeldia eta Espainiako Film Labur Onenaren Mikeldia jaso zituen Galatée a l´infini (Julia Mauraren eta Mariangela Pulcino) proiektatuko dituzte.

Urriaren 26ko saioa espainiar estatuko lanei eskainiko dizkie antolatzaileek, Areka (Atxurra Animazio Taldea) animazioko laburra eta Koldo Almandozen Plágan euskal ekoizpenak tartean izango direlarik.

Programazio osoari buruzko eta zikloaren inguruko informazio gehiago ZINEBI jaialdiaren webgunean.