KRITIKA: ‘NON’

Zuzendaria: Eñaut Castagnet eta Ximun Fuchs

Urtea: 2017

Herrialdea: Frantzia

Denek dute amorru egun bat

Portaerari begira, gizakiok animaliekiko ditugun desberdintasunen artean ezinbestekoa den bat badela diote ikerlari askok: aukeramena. Edo, beste modu batera esanda, gure senezko nahiei ezetz esateko eta gure etorkizuna aukeratzeko gaitasuna. Ezezkoa ematea ez da beti erraza izaten, gizartean hartu ditugun konpromisoak gehiegi izaten baitira, eta zurrunbilo sozialean murgilduta gaudenean, hau da, normaltasunez bizi garenean, “ez” hori gaizki ikusia izaten da, seguruenik ulergaitza izaten delako.

Eñaut Castagnet eta Ximun Fuchs Ipar Euskal Herriko zuzendariek ez esate horren ezusteko ondorioetan oinarritu dira bere lehen filma egiteko, Non. Filmaren sinopsia irakurri eta hasierako minutuak ikusi ostean (ondo landutako plano sekuentzia), badirudi langilen borroka batean oinarritutako film bat ikusiko dugula, hala nola, Ken Loachek edo Robert Guédiguianek zuzendutako horietako bat. Baina Fuchs berak jokatzen duen kaleratu berri izan den Bruno Schiaretti langileak gendarme emakume bati kontrol batean “ez” esaterakoan, dena eraldatzen da. Castagnet-Fuchs lehengusuek genero nahasketa bat egin nahi izan dute, film soziala, politikoa, komedia beltza edo drama irabiatuz, pentsatuaz nahaspila horretan ikusleak langile arketipoa aintzat hartu eta klase borrokaren sinbolotzat hartuko duela. Ez da nire kasua izan.

Film batean azaltzen diren pertsonaien gorabeherekin bat egiteko eta enpatia sortzeko ikusleak eskutik eraman behar dira, eta hori ez da eginkizun erraza izaten. Kontaezinak dira zineman adibide arrakastatsuak, eta nahiz eta askotan errealitatetik urrun egon (zientzia-fikzioa kasu), sinesgarriak iruditzen zaizkigu beraiei gertatutakoak, batez ere lotura emozional bat sentitzen dugunean. Pertsonaiek heltzen bagaituzte, ikuslea irabazia du filmak.

Sinesgarritasun gabezi hori da Non filmari ikusten diodan hutsunerik nabarmenena, eta ez da aktoreen lanagatik, denak trebetasunez jokatzen baitute, zuzendariek hautatu duten gurutzatzeagatik baizik. Beste film batzuetan nahaspila ondo dabil, genero desberdinen osagaiek plater berri baten itxura ematen baitute (zuzendariek aipatutako Tarantino edo Kitano) baina nahasketak zehaztugabeko zaporea ematen badu, zaila da esatea gustoko izan duzun edo ez.

Non filman sekuentzia batzuk umore beltzez josiak dira, Brunok gendarmeari egiten diona “ez” esan ondoren, sindikatuko lagunaren prentsaurrekoan izandako erreakzio neurrigabea, Brunok komisaldegitik nola ihes egiten duen, etxegabekoarekin elkartzea, enpresaburuaren etxean gertaturikoa, eta abar. Hala ere, aipatu ditudan uneak irrigarri geratzetik hurbil daude askotan, eta ikusleari egoerak ez bazaizkio sinesgarri iruditzen, eragindako barrea desberdina izango da.

Dena den, Castagneten eta Fuchsen filmari ausardia punttu bat onartu behar zaio, Euskal Herrian (nahiz eta Capdenac-Gare Okzitaniako herrian filmatu) hain diru gutxirekin (beraien hitzetan, 70.000 euroko aurrekontua izan dute) eta lan-taldean ekoiztea ez baita batere erraza, eta lortutako emaitza bere neurrian balioetsi behar da. Iazko Donostia Zinemaldian horrela ikusi zuten eta Zinemira sailan egoteaz gain, Euskal Gidoi Onenari Saria irabazi zuen. Hasierako urratsa izateko ez da gutxi.