Elías Querejeta Zine Eskolak esploraziorako, gogoeta kritikoa bultzatzeko, berrikuntzarako eta jakintzaren transmisiorako zentroa bilakatu nahi du. Hala, bere ikerkuntza ekoizpena sustatuko duten lau proiektu berri aurkeztu ditu: Pedagogia eta zinemagintzaren transmisioa; artxiboaren, komisariotzaren eta sorkuntza zinematografikoaren inguruko teoria eta teknika berritzaileak; zinemaren eta beste diziplina zientifiko, humanistiko eta estetiko batzuen arteko lotura; eta euskal zinemaren begirada berriak jorratuko dituzte 2018-2019 ikasturteko ikasle zein irakasleek.
Irailean ekingo dio EQZEk bere lehen ikasturte akademikoari, eta zentroaren identitatea zein nortasuna sendotu nahian, ikerkuntza alorrari bultzada berri bat eman nahi izan dio. Izan ere, zinemaren iraganari, orainaldiari eta etorkizunari buruzko pentsamenduaren, ikerketaren, praktika esperimentalaren eta berrikuntza pedagogikoaren nazioarteko zentroa bilakatu nahi du eskolak. Ikerketan oinarrituta, diziplina anitzeko proiektuen garapenaren aldeko apustua egingo du EQZEk, eta ikasle zein hiru ibilbideetako irakasleen arteko harreman aktiboa sustatuko dute bertan, trukean oinarritutako metodologiak eta diziplinen eta ezagutzaren arteko ikaskuntza garatuz. Bere katalogora gehitu dituen lau proiektuek eskolak zehaztutako ikerketa lerro nagusienetan sakonduko dute, eta aipatutako metodologiaren araberako garapena izango dute.
2018-2019 ikasturterako Elías Querejeta Zine Eskolako Ikerkuntza Departamentuak sei proiektu garatuko ditu guztira:
- Cinenova: Women’s past is always present. Emakumeek gauzatutako zinemaren historia ezagutzeko eta ezagutarazteko helburuz, proiektuak, Cinenova Londresko zinema eta bideo banatzaile feministak biltzen dituen 500 lanen katalogoan oinarrituta, ikerketa kritiko bat egin nahi du genero ikuspegia ere kontuan hartuta.
- This Film is Dangerous. Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean, proiektuak bi xede nagusi izango ditu: batetik, The Price of the Party eta Die Vier letzten Sekunden des Quidam Uhl film mutuak ekoitzi zireneko testuinguru historiko, sozial eta estetikoaren inguruko ikerketa; eta, bestetik, ikuspuntu teknikotik, a aurkitutako materialen kontserbazio egoeraren inguruko analisia egitea.
- Mugako euskal zinema. 2018-2019 ikasturtetik aurrera, nazioarteko hainbat ikertzailek ikerketa kasu zehatzak aztertuko dituzte, euskal zinemagintzak ezaugarri dituen mugak zabaltzeko eta hausteko asmoz. Izan ere, 60ko hamarkada erditik aurrera, Irungo zinekluba mugako leku eta elkargune bihurtu zen. Muga geopolitikoa izanik, ideien kontrabandorako gunea zen, baita nazioarteko eraginen pasabidea ere. Halaber, diziplina estetikoen arteko elkargunea izan zen.
- Amateur Movie Database. Euskal zinema amateurraren ondarearen inguruko ikerketa da. Proiektuaren bidez, euskal zinemaren beste historia horren oinarria aberastu nahi dute gutxi ikertutako iturrietatik abiatuta.
- Andréi Tarkovskiren lezio galduak. EQZEk Andréi Tarkovskik emandako zinema ikasgaien 90 orduko grabazioen ikerkuntzan, zaharberritze lanetan eta zabalkuntzan parte hartuko du. 2018-2019 ikasturtean, bi lan ildotan sakonduko dute, Florentziako Andréi Tarkovski nazioarteko institutuarekin elkarlanean: batetik, zinta magnetofonikoak ikertuko eta berriztatuko dituzte, eta, bestetik, berreskuratutako materialetatik abiatuta, azalpen proiektu bat diseinatuko dute.
- Zinemaldia 70: istorio posible guztiak. Donostia Zinemaldiak «Zinemaldia 70: istorio posible guztiak» proiektua sortu du EQZEko ikerketa departamentuarekin, Tabakalerarekin eta Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean, Zinemaldiaren artxibo bizi bat sortzeko asmoz. Proiektuaren lehen fasea Zinemaldiaren 70. edizioan amaituko dute, 2022an. Proiektuaren helburua Zinemaldiaren iraganaren, orainaren eta etorkizunaren inguruko gogoeta sortzea da.
Informazio gehiago Elías Querejeta Zine Eskolaren webgunean.