Estonia, Letonia eta Lituaniako hamabost ekoizlez osatutako ordezkaritza bat Donostiara etorriko da Zinemaldia bertatik bertara ezagutzeko eta Koproduzkio Foroan eta Industriaren gainerako jardueretan parte hartzeko.
2014 urteaz geroztik antolatzen du Zinemaldiaren Industria Sailak Focus on ekimena. Haren bidez, herrialde, eskualde edo lurralde profesional-talde bat Donostia Zinemaldira etortzen da, harreman profesionalen sarea zabaldu eta industriari eskainitako jardueretan parte hartzera. Esan bezala, 2014. urtean egin zuten lehen edizioa, Telefilm Canadarekin elkarlanean eta Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroarekin batera: Focus on Canada, hamaika profesional bildu zituena.
Harrera ona tarteko, 2015ean ere Kanada izan zen lurralde protagonista. 2016an, Focus on Nordic Glocal antolatu zen Danimarka, Islandia eta Norvegiako institutu zinematografikoarekin elkarlanean, eta horixe izan zen, hain zuzen ere, 2017an martxan jarritako Glocal in Progress ekimenaren abiapuntua. Aurten, Estonian Film Institute, National Film Centre of Latvia eta Lithuanian Film Centre erakundeekin lankidetzan, proiektuak aribidean dituzten hamabost ekoizlek aukera izango dute Donostian beren egitasmoetarako kideak aurkitu eta koprodukzio-abaguneak handitzeko.
Hauek dira, bada, jaialdia bisitatuko duten hamabost profesionalak:
Estonian Film Institute (ESTONIA):
– Andreas Kask, Marianne Ostrat, Margus Ounapuu, Kristjan Pütsep eta Maie Rosmann-Lill.
National Film Centre of Latvia (LETONIA):
– Kristians Alhimionoks, Aija Berzina, Inese Boka-Grübe, Antra Cilinska eta Guntis Trekteris.
Lithuanian Film Centre
– Andrius Lekavicius, Paulius Juoceris, Marija Razgute, Dagne Vildziunaite eta Giedre Zickyté.