Pasa den maiatzean zabaldu zuen Donostia-Gipuzkoa Film Commission egitasmoak izen bereko sarietara hautagaitza aurkezteko epea. Hemeretzi hautagai jaso dituzte guztira, eta horietatik bost hautatu dituzte saria eskuratzeko lehiarako.

Lurraldea bultzatu eta sustatzea dira Donostia – Gipuzkoa Film Commission proiektuaren helburuak, eta ikus-entzunezko proiektuak erakarri eta tokiko sektorearen lehiakortasuna hobetzen dihardute horretarako. Egitasmoen artean, izen bereko sari banaketaren zortzigarren edizioa beteko da aurten, agertoki bihurtzen diren lurraldetan filmaketekin enplegua eta negozioak sortzen dituzten produkzio-etxeen lana saritzeko helburuarekin.

Pelikula filmatua izan den lekuko balio urbanistikoak, naturalak, kulturalak edo sozialak ondoen islatzen dituen filmaren ekoiztetxeak 7.000 euro jasoko ditu, eta hura proposatzeaz arduratu den Film Commission kolaboratzaileak 3.000 euro. Beraz, 10.000 eurokoa izango da ordainsaria orotara.

Saria irailaren 27an banatuko dute, Donostia Zinemaldiaren baitan. Jaialdian zehar, eguneko programazioaren parte izango da ekitaldia, eta Kursaal eraikineko zurrunbiloan murgilduko dira epaimahaiko kideak film irabazlearen berri emateko. Ondoren, aukera izango da saritutako filma ikusteko.

Honako film hauek izango dira saria eskuratzeko lehian:

PENÉLOPE (Eva Villa, 2018)

YO LA BUSCO (Sara Gutierrez, 2018)

CON EL VIENTO (Meritxell Colell, 2018)

ANA DE DÍA (Ana Jaurrieta, 2018)

LA VIDA LLIURE (Marc Recha, 2018)

Edizio honetan, gainera, ikuspuntu eta ikuspegi ezberdinak biltzen ditutuen aditu talde batek osatuko filmak ebaluatu eta irabazlea izendatzeaz arduratuko den epaimahaia. Batetik, diseinuan aditu den Carlos Barrabés; bestetik, Barbara Goenaga eta Goya Toledo aktoreak; Jose Mari Goenaga gidoigilea; eta, azkenik, Elena Sanchez, TVEko aurkezlea.