Euskal jatorriko inoiz baino film gehiago izango ditu aurten 66. Donostia Zinemaldiak, hogei orotara. Horien artean munduko estreinaldia jaialdian egingo duten hamabost film luze lehiatuko dira Irizar saria eskuratzeko, eta Ramon Agirre aktoreak jasoko du Zinemira saria Euskal Zinemaren galan.

Gaur goizean egindako agerraldian aurkeztu dituzte Jose Luis Rebordinos zinemaldiko zuzendariak eta Ruth Perez de Anucita komunikazio buruak zinemaldiak barne hartuko dituten euskal filmak. Hogei izango dira guztira,  Sail Ofizialean, Zuzendari Berriak, Zabaltegi-Tabakalera, Pelak, Culinary Zinema eta Zinemira sailetan, eta Euskal Zinemaren eta EiTBren galetan banaturik.

Zinemira saila da berariaz euskal zineari eskainitako saila, eta bere baitan hartuko du filmen kopururik handiena: hamabi, fikziozkoak nahiz ez-fikziozkoak, animaziozkoak, eta zuzendari berri zein ibilbide luzeko zinegileen filmak.

– MUDAR LA PIEL (Ana Schulz, Cristobal Fernandez)

Juan ETAren eta Espainiako gobernuaren arteko bakea lortzen ahalegindu zen bitartekari bat da. Roberto haren bizitzan urte luzez infiltratutako zerbitzu sekretuko espioi bat da. Mudar la piel haien istorioa da: Juanena, zuzendariaren aitarena, eta Robertorena, hura zelatatu zuen gizonarena.

– BLACK IS BELTZA (Fermin Muguruza)

1965eko urria. San Fermineko erraldoien konpartsak New Yorkeko Bosgarren Etorbidean desfilatzeko gonbidapena jaso du, baina ezingo dute denek desfilatu: arrazarekin lotutako kontuak tarteko, estatubatuar agintariek erraldoi beltzek ekitaldian parte har dezatela debekatu dute.

– BAJO LA PIEL DEL LOBO (Samuel Fuentes)

1965eko urria. San Fermineko erraldoien konpartsak New Yorkeko Bosgarren Etorbidean desfilatzeko gonbidapena jaso du, baina ezingo dute denek desfilatu: arrazarekin lotutako kontuak tarteko, estatubatuar agintariek erraldoi beltzek ekitaldian parte har dezatela debekatu dute.

– BASQUE SELFIE (Joaquin Calderon)

Agus Barandiaranek, mundu osoan euskal musika eta dantza tradizionalaren enbaxadore izandakoak, euskaldun batek izan dezakeen amesgaizto latzenari egin behar dio aurre: bere 1540ko baserria eraitsi nahi dute, errepide berria egiteko. Agusek gertakarien aurka jo beharko du bere sustraiak babesten saiatzeko.

– BAULES (Kutxak)

1931 urtea. Loisen, Espainiako Leongo mendialdeko herri batean, Julián Lópezek kutxa handi batean sartuko ditu bere gauzak eta, haren emazte Candelasek ezer jakin gabe, Mexikorako bidea hartuko du. 1970. urtea. Candelas duela hiru urte hil zen. Ustekabean, Mexikotik gutun bat iritsiko da Loisera, Julianen heriotzaren berri emateko. Riañoko familia-etxean, txoko batean, Julianek Mexikora eramandakoaren antzeko kutxa zaharra aurkituko dute.

– ERREMENTARI (Paul Urkijo)

Zortzi urte igaro dira 1833ko Karlistadaz geroztik. Arabako herrixka batean, Alfredo izeneko gobernu-komisarioa basoaren sakonean dagoen errementeria ilun bateraino iritsiko da gertakari bat ikertzen ari denean. Patxi izeneko errementari arriskutsu eta bakartia bizi da han.

– GALLO (Antonio Diaz Huerta)

Aitor sortzetiko glaukoma batekin jaio zen, eta eskuineko begiko ikusmena galdu zuen hamalau urte soilik zituenean. Sendagileek berriz ere surfik ez egiteko gomendatu zioten, baina hala ere haien aholkuei kasurik ez egitea erabaki, eta surf egin bitartean ikusmena galdu zuen zorigaiztoko istripu batean. Orduan, 39 urte zituen.

– GURE OROITZAPENAK (Oskar Alegria, Özcan Alper, Asier Altuna, Mireia Gabilondo, Eugène Green, Itziar Leemans, Josu Martinez, Fermin Muguruza, Ane Muñoz Mitxelena, Maider Oleaga, Carlos Machado Quintela, Maialen Sarasua)

Joseba Sarrionandiaren aurpegia poliedrikoa da; ez literatura-adierazpideko molde guztiak ukitu dituelako soilik, baita bere iruditeria, ezin konta ahala munduz osatua, sortzeko gai izan delako.

– IZARO (Txuspo Poyo)

Izaro dokumental/saiakera bat da, eta Izaro irlaren identitatearen, historiaren eta legatuaren erretratu zatikatua eguneratzen du, haren diasporaraino.

– LADY OFF (David Rodriguez Losada)

Ana aktore gazteak, tamalez, ezin du antzezle profesionala izan. Astelehenetik larunbatera denda batean saltzaile dabil, lanaldi erdian, eta horrekin uztartu behar ditu bere antzerki-ekoizpen txikiak, halakoren batean lekurik aurkitzen duenean. Baina orain, rol berri bat buru-belarri prestatzen dabil Ana: Shakespeareren Richard III antzezlanean Lady Ana hezurmamitzeko aukeratu dute, Madrilgo off antzoki txiki batean.

– LA NOCHE NOS LLEVA (David Gonzalez Rudiez)

Jorge saskibaloi-jokalari profesionala izan zen hogeita hamabost urteak bete arte. Orain hogeita hamazazpi ditu, eta ez daki zer egin bere bizitzarekin aurrerantzean.

– MARGOLARIA (Oier Aranzabal)

Bere lanaren emaitzaz bizitzearen alde apustu egiten duen artista baten egunerokoan barrenduko gara, artista ororen laborategiaren erdigunean ezkutatzen den giltzarrira iritsi arte, bilaketa guztiak baitira egiaz bidaiak; eta sorkuntza-prozesua ere berez baita bidaia.

Beste sailetan ere bai

Hauek ez dira, ordea, 66.edizioak hartuko dituen euskal film bakarrak izango. Aipatu bezala, beste sailetan ere bada ordezkaririk:

Sail Ofiziala – DANTZA (Telmo Esnal)

Zuzendari Berriak – OREINA (Koldo Almandoz)

Zabaltegi Tabakalera- 592 METROZ GOITI (Maddi Barber)

Perlak – ANOTHER DAY OF LIFE (Raul de la Fuente, Damian Nenow)

Culinary Zinema – BIHAR DOK 13 (Aitor Bereziartua, Ander Iriarte) eta Y EN CADA LENTEJA UN DIOS (Miguel Angel Jimenez Colmenar)

Halaber, euskal zinemagintzaren indarra ospatzeko bi gala izango dira aurten:  Euskal Zinemaren gala eta EITB gala. Horietan ere proiekzioak egingo dituzte, JAINKOAK EZ DIT BARKATZEN (Josu Martinez) irailaren 25eko saioan, eta VICTORIA, 3 DE MARZO (Victor Cabaco) bigarrenean, irailaren 26an.

Zinemira saria, Ramon Agirrerentzat

Euskal Zinemaren galan emango diote, gainera, aurtengo Zinemira saria Ramon Agirre aktore eta antzezle donostiarrari. Donostia Zinemaldiak eta IBAIA eta EPE/APV ekoizleen elkarteak banatzen diote saria euskal zinemagintzako persona esanguratsu bati, eta azken urteetan beste hainbat sektoreetako profesionalak saritu ostean, Ramon Agirre aktorearen ibilbidea ohoratuko dute aurten.

Arkitektura ikasi eta gero, Eusko Jaurlaritzak sustatutako Antzerti arte dramatikoko eskolan ibili zen Agirre (Donostia, 1954), eskolako lehenengo belaunaldietako batean. Haren lehenengo lan zinematografikoen artean, 27 horas (27 ordu, Montxo Armendariz) eta Ander eta Yul (Ana Diez) daude. Horrez gain, zuzendari hauen esanetara aritu da ere: Asier Altuna eta Telmo Esnal, Emilio Martínez Lázaro, Aizpea Goenaga, Aitor Mazo eta Patxo Telleria, Alberto Gorritiberea, Paco Plaza…

Azken urteetan jardun bereziki oparoa izan du, eta hainbat film nabarmenetan egin du lan: besteak beste, Michael Hanekeren Amour, Fernando Francore La herida, Mikel Ruedaren Ezkutuan, Fernando González Molinare Palmeras en la nieve,  Pedro Almodovarren  Julieta, Canneseko sail ofiziala eta Made in Spain, 2016), Fernando Truebare La reina de España,  Aitor Arregi eta Jon Garañoren Handia .

Aurten, gainera, New Directors saileko Oreina (Koldo Almandoz, 2018) filmean eta Zinemiran aukeratutako beste hiru lanetan agertuko da; hain zuzen, Black is Beltza (Fermin Muguruza, 2018), Errementari (Paul Urkijo, 2017) eta Bajo la piel del lobo (Samu Fuentes, 2017) filmetan. 2019an beste bi lan estreinatuko ditu: Almodovarren film berria, Dolor y gloria, eta Agur Etxebeste!, Asier Altunak eta Telmo Esnalek zuzendutako filmaren bigarren zatia.