Isabelle Huppert aktorea da 66. Donostia Zinemaldiko kartelaren protagonista. Gaur goizean aurkeztu dute aurtengo irudi nagusia izango dena, eta horrekin batera, aurrerantzean kartel ofizialek jarraituko duten lerro berria atera du argitara jaialdiak.
“Zinemaldiarentzat ohore handia da oraindik jardunean den eta urtero film zoragarriak ekartzen dizkigun munduko antzezle onenetako batek Donostia Zinemaldiaren irudia izatea onartu izana”, adierazi du Jose Luis Rebordinos jaialdiko zuzendariak. Nagore Garcia Pascualek, Julen Cano Linazasorok eta Txema García Amianok zuzendutako TGA diseinu-estudio donostiarrak egindako lanaren emaitza da, eta gainerako kartelen identitate grafiko berriaren ildoari jarraituz sortu dute: argazkiak eta ilustrazioak uztartuz.
Orain 15 urte baino gehiago hasi zen Zinemaldiaren eta Parisko aktorearen arteko harremana, antzezleak Olivier Dahan zuzendariaren La vie promise aurkeztu zuenean. Handik urtebetera, 2003an, Donostia Saria jaso zuen zinemagintzari egin dion ekarpenaren aitorpen gisa. Izan ere, 130 pelikula baino gehiagotan hartu du parte, eta ehun saritik gora bildu ditu. Horiek guztietatik 15 film inguru programatu ditu urteotan jaialdiak.
Kartel ofizialaren 1.000 ale inprimatuko dituzte, eta iragarri dute saltokietan eta Zinemaldiaren ohiko guneetan izango direla salgai. Horrez gain, katalogoaren eta filmez filmeko gidaren azalean ere agertuko da irudia.