Munduko txoko ezberdinetako zazpi ekoizpenek osatuko dute Donostia Zinemaldiko Culinary Zinema sailaren zortzigarren edizioko menua. Tartean izango da, besteak beste, Ander Iriarte eta Aitor Bereziartuaren Bihar dok 13 euskal lan dokumentala.
Gastronomiak euskal nortasunean duen presentziaz baliatuta, orain zortzi urte sortu zuen Culinary Zinema saila Donostia Zinemaldiak. Otordu eta topaketa gastronomikoak eta zinema lotzen dituen ekimena da, eta Basque Culinary Center eta Berlingo zinema-jaialdiarekin elkarlanean antolatzen da.
Aurreko urtetan bezala, zazpi saio egingo dituzte aurten ere, eta askotariko gaiak jorratuko dira bertan: familia jatetxeetan inspiratutako istorioak, artearen eta gastronomiaren arteko fusioa, oliba-olioaren kultura, emakume sukaldariek garaitu beharreko oztopoak, hiri handitik jaioterrira egindako itzulera, norberaren jatorriaren bilaketa eta enpresa-abentura bati ekitea. Alfred Oliveri argentinarraren Tegui: Un asunto de familia filmak zabalduko du saila irailaren 22an, eta Aitor Bereziartua eta Ander Iriarte etxekoen Bihar dok 13 proposamenak itxiko du jaialdiko azken ostiralean, hilaren 28an.
Hauek dira, egunez egun, ikusgai izango diren filmak:
– Irailak 22:
Tegui: Un asunto de familia (Alfredo Oliveri, Argentina). Urtez telebistako formatuetan aritu eta gero, Germán Martitegui sukaldari argentinar entzutetsuaren eta haren lantaldearen abentura irudikatu du bere lehen film luzean, 40 egunez euren jatetxea itxi eta, hutsetik hasita, Andeetako mendikatean beste bat irekitzen dutenean.
– Irailak 23:
Ramen Shop (Eric Khoo, Singapur/Japonia/Frantzia). Helmuga Singapur hirian duen bidaia pertsonal eta gastronomiko bati ekingo dion ramen-sukaldari gazte bat da filmaren protagonista. Odisea gozo horretan, bere arbasoen sekretuak, errezeta bikainak eta askoz ere gehiago aurkituko du.
– Irailak 24:
Y en cada lenteja un Dios (Miguel Ángel Jiménez Colmenar, Espainia). Luis gidoilaria da lanbidez, eta bere sorlekura itzuliko da, Alacanteko mendialdeen barnealdeko Cocentaina herrira, familia-jatetxeko sukaldaritzari buruzko liburu bat idazten laguntzeko. L’Escaleta du izena jatetxeak, bi Michelin izar ditu eta Espainia eta Portugaleko 25 jatetxe onenen artean dago. Jantokiaren atzealdeko bizimoduaren kontaketa egingo du filmak.
– Irailak 25
Jaén, Virgen & Extra (José Luis López –Linares, Espainia). Picual olibaren ‘iraultza’ jaso du Lopez-Linares zuzendariak film honetan. Oliba-olioa ezinbesteko osagaia da dieta mediterraneoan. XXI.mende hasieran iraultza hasi zen Janenen, eta dokumental honek aldaketa horren ondoriozko erronketan barrena eramango gaitu, bertako olibadiko jendeen, aldaketa horretan iraultza gastronomikoa ikusi duten sukaldarien, olibarien eta kontsumitzaileen begiraden bitartez.
– Irailak 26
Little Forest (Yim Sonn-Rye, Hego Korea). Soon-Rye Yim zinemagilea aski ezaguna da bere herrialdean. Hego Koreako hiri handi batean, amodio- eta lan-arazoz estuturik, jaioterrira itzultzea erabakiko duen gazte baten istorioa hartu du ardatz lan hau osatzerako momentuan: Konpondu gabe dituen kontuak albo batera utzi eta, halako batean, sorlekura itzuliko da Hye-won. Lau urtaroetan zehar, bizimodu laua izatearen egiazko plazera aurkituko du.
– Irailak 27
The Heat: A kitchen (r)evolution (Maya Gallus, Kanada). Jatetxeen buruan aitzindari izan diren emakumezko sukaldarien den fenomenoa aztertu du zuzendariak. Sukaldari entzutetsuen ohiko gizonkeriek inflexio-puntua jo dute. Orain, jatetxeen buruan jarri diren emakumeen eraginpean, lehen arautzat hartu ohi ziren baldintza basatiei men egiteko prest ez dagoen belaunaldi gazteagoa iritsi da, eta berriro idazten ari dira guk ezagutzen dugun ‘sukaldearen kulturaren’ arauak.
– Irailak 28
Bihar dok 13 (Aitor Bereziartua eta Ander Iriarte, Euskal Herria). Basque Culinari Centerren abangoardia gastronomikoa ikasten ari diren mundu osoko zenbait ikaslek iraganera bidaiatuko dute, Bihar dok 13 menua sortzeko. Bidaia, 1966ko Euskal Herrira joan dira, eta hortik abiatuta, kulturaren alorrean dena aldatu zuen hamarkada ezagutuko dute. Bost ekitaldi bereziren bitartez, Gaur, Ez dok amairu eta Euskal Sukaldaritza Berria (BCCren aita espirituala) mugimenduak ezagutuko ditugu.
Proiekzio eta afarietarako txartelak irailaren 3an jarriko dira salgai, 9:00etan, 70 euroan, eta Zinemaldiaren eta Kutxabanken web-orrien bitartez erosi ahalko dira. Filma soilik ikusteko hautua egin dutenek hilaren 16ra arte itxaron beharko dute, eta 7,90 euroko prezioan eskuratu ahalko dituzte.