Hirugarren Donostia Sari bat izango dela iragarri du gaur Donostia Zinemaldiak. Judi Dench (York, Erresuma Batua, 1934) aktoreak jasoko du, irailaren 25ean ospatuko den ekitaldi batean. Aurrez iragarrita zeuden Hirokazu Kore-eda zuzendariari eta Danny DeVito aktore, zuzendari eta ekoizleari batuko zaie britainiarra.

Lehenengo aldiz izango da Judi Dench Donostiako jaialdian. Londresko prestigio handiko Old Vic eta The National antzokietako oholtza eman zituen lehen urratsak, eta 1964ean egin zuen debuta zineman. Txalotutako film askotan parte hartu du Denchek, besteak beste, Stephen Frears, James Ivory, Kenneth Branagh, Franco Zeffirelli, Sally Potter, Clint Eastwood eta Sam Mendes zuzendarien esanetara.

Dozenaka sari bildu ditu bere ibilbidean bete dituen rol desberdinengatik: Victoria erregina izan zen Mrs Brown (1997) filmean; Armande Voizin xelebrea Chocolat-en (2000), Iris Murdoch nobelagulea Iris-en (2001); M, Britaina Handiko inteligentzia-zerbitzuaren arduraduna, James Bond sagako filmetako zazpitan… Orotara, zazpi aldiz jaso du Oscar sarietarako izendapena, eta orain 20 urte, 1999an, heldu zitzaion aitorpen gorena Shakespeare in love filmean Elisabet I. erreginaren paperean egindako lanagatik.

Trevor Nunn zinegileak zuzendutako Red Joan (2018) filmak ekarriko du Donostiara, azken urteak antzerkigintzari eman ostean.

Sarrerak salgai

Jaialdiak dagoeneko salgai jarri ditu Denchi Donostia Saria emateko ekitaldirako sarrerak, 45 eurotan. Saria banatu aurretik, gainera, Red Joan (2018)  pelikula proiektatuko dute. Lan horretan, Erresuma Batuko espioi bat hezurmamitu du Denchek, sobietar inteligentzia-zerbitzuak errekrutatua.

Arestian aipatu bezala, jaialdiak aurten banatuko duen hirugarren errekonozimendua da Denchek jasoko duena. Lehenengo, Danny DeVito eta Hirokazu Kore-edaren txanda izango da, irailaren 22an eta 23an hurrenez hurren, eta hilaren 25ean jasoko du Denchek. Berritasun modura,  Tabakalera batu da aurten zinemagileak omentzeko asmora. Hala,  irailaren 8an Judi Dench aktorearen Oscar sarietarako lehen izendapena suposatu zuen Mrs.Brown pantailaratuko dute,  irailaren 14an Kore-edaren Maboroshi no hikari filma emango dute, eta, irailaren 15ean, DeVito agertzen den Twins eta Batman Returns filmak proiektatuko dituzte.