Veneziako 75. Mostra: kontuan izan beharreko zenbait auzi

Cannesko zinema jaialdiaren 70. ekitaldian, Festival de Cannes: scandales et controverses erakusketa antolatu zuen Thierry Frémaux zuzendariak. 1939ko lehen Festival international du film hartatik gaur egun arteko eskandalu, txistualdi eta boikot guztietatik ibilbide bat proposatu zuen bertan. Martxa honetan baina, erakusketaren bigarren zatia prestatzen hasi beharko dira laster: Netflix plataformarekin izandako afera dela batetik, kazetariak kontrolatu eta beraien lana duintasunez burutzeko ezarritako zailtasunak direla bestetik, edota berdintasunaren aldeko konpromiso faltagatik jasotako salaketak ikusirik, polemikaren agertoki izaten jarraitzen du Cannesek.

Izan ere, komunikabide guztien ahotan egon da iragan maiatzean, beste behin, frantziar kostaldeko hirian antolatzen den zinema jaialdia. Baina orain, abuztua bukatzear dagoelarik, begirada guztiak Venezian jarri dituzte mundu osoko kazetari, zinegile, akademiko eta zaletuek. Nolabait esatearren, txanda pasatu dio. Eta ikusteke dago hilabete eskas barru Donostia Zinemaldian halakorik geratuko den. Baina asteazkenean, abuztuak 29, hasiko den Mostra Internazionale d’Arte Cinematograficari buruzko auzi garrantzitsu batzuk aipatzea tokatzen da orain. Ez dute bertako eskandaluei buruzko ezer berezirik sortuko, zinema jaialdietan zaharrenak ospatuko dituen 75 urteak gogorarazteko erakusketa soil bai baizik. Hala ere, polemikaz eta aldarrikapenez josita ekingo diote aurten Lido uhartean 75. ekitaldiari.

2011n zuzendaritza aldaketa prozesu batean murgildu zen jaialdia, eta zortzi urteko agintearen ostean, Marco Müller zinema kritikari eta ekoizle erromatarra kargugabetu zuten, beharbada zinema jaialdiak inoiz izan duen zuzendari artistiko ameslariena, berritzaileena eta internazionalena (Müllerri buruz gehiago jakiteko artikulu gomendagarria duzue estekan sartuz gero). Autore zinema babesteko egindako apustuak itsututa, ekoizleak, garai berdintsuan antolatzen duten Torontoko jaialdira ihes egiten hasi ziren, eta noski, Veneziak glamourra behar du, izarrak behar ditu, eta berehala etorri ziren esperotako erabakiak.  Ordutik, Alberto Barbera da Mostraren arduraduna, azken egunotako adierazpenetan “gizon eta emakume sortzaileen arteko berdintasuna bermatuko lukeen kuotak ezarriz gero, dimisioa aurkezteko prest” dagoela adierazi duen gizona. “Generoan ez, kalitatean baizik” begiratzen omen ez duena.

EMAKUME BAKARRA SAIL OFIZIALEAN

Guillermo del Toro zinemagile mexikarra izango da aurtengo ekitaldiko epaimahaiburua eta Vanessa Redgrave aktoreak zein David Cronenberg zuzendariak jasoko dute ibilbide osoari Urrezko Lehoia. Gainera, ekoizpen estatubatuarrak nagusi, izen entzutetsu asko sartu dira aurtengo Sail Ofizialean, ikusmin handia sortu duten proiektuak, zale nahiz kritikoek irrikaz itxaroten dituztenak. Horietako asko, Donostia Zinemaldiko Perlak sailean ikusi ahal izango dira, Donostia Hiria Publikoaren Saria lortzeko lehian: The Sisters Brothers (Jacques Audiard), First Man (Damien Chazelle), Roma (Alfonso Cuarón), eta  Venezian lehiaketatik kanpo estreinatuko duten eta aurtengo Perlak sailari bukaera emango dion A Star is Born (Bradley Cooper) filma, besteak beste. Mostran, ordea, modako zuzendaria den Luca Guadagninoren Suspiria (izen bereko Dario Argentoren lanaren remake-a), Yorgos Lanthimos greziarraren The Favourite eta Laszlo Nemes hungariarraren Sunset ere lehiatuko dira Leone d’Oro saria eskuratzeko.

Lehiaketaz kanpo, Amos Guitai israeldarraren A tramway in Jerusalem filma, Jaeger-LeCoultre Glory to the Filmmaker saria jasoko duen Zhang Yimou txinatarraren Ying lana, eta batez ere,  Orson Wellesek amaitu gabe utzi zuen The Other Side of the Wind ekoizpenaren bertsioak piztu dute interesa. Baita The Story of Film: An Odyssey proiektuari jarraiki Mark Cousinek gidatutako hamasei ordu iraungo dituen Women Making Films: A New Road Movie Through CInema dokumental sortaren lehen lau zatiek ere. Beharbada, lehiaketan dagoen emakumezko zuzendari eskasia bete nahiak bultzatutako erabakia izan liteke azken hau. Baina argi dagoena da Sail Ofizialean Jennifer Kent australiarraren The Nightingale filma baino ez dutela hautatu, 21 lanetatik bakarra.

European Women’s Audiovisual Network erakundeak Veneziako Mostrako zuzendariari gutun ireki bat (Open letter to the Venice Film Festival) helarazi dio jada, egoera salatuz, berdintasunaren aldeko aldarria eginez, eta Cannesek zein Locarnok hartu dituzten konpromisoetara batu dadin eskatuz. Baina nork du erantzukizuna? Izan ere, Alberto Barberak galdera hori luzatu die gutunaren sinatzaileei, berak zuzentzen duen zinema jaialdiko hautaketa batzordearen ia erdia (% 46) emakumezkoak direla ohartaraziz.

Italiatik bertatik ere mobilizazioak heltzen hasi dira. Ente dello Spettacolo fundazioak, Events2B korporazioaren eta Veneto eskualdearen laguntzarekin, emakumeek gizartean betetzen duten rolaren, eta zinemagintzan bizi duten genero diskriminazioaren inguruko mahai-inguruak antolatuko ditu irailaren 3an eta 5ean, Veneziako Lido uhartean, zinema jaialdia antolatuko duten toki berean.

NETFLIX PLATAFORMAREN AFERA

Cannesko zinema jaialdiak betoa jarri ostean, Netflix plataformak ekoiztutako sei film Veneziako Mostran ikusi ahal izango dira (besteak beste, Alfonso Cuaronen Roma, Coen anaien The ballad of Buster Scruggs westerna, edota lehiaketaz kanpoko The other side of the wind, Orson Wellesen film bukatugabea). Frantziako legedia okerra dela uste du Alberto Barbera zuzendariak, eta ez du  Interneteko zerbitzuaren babespean zuzendutako Alfonso Cuarónen edota Coen anaien lanak baztertzeko arrazoirik aurkitzen. Italiako banatzaileak eta zinema aretoen elkarteak sutan daude, ordea. Izan ere, ondo bidean, Veneziako jaialdian aurkeztu bezain pronto, Netflix plataforman ikusgai egongo omen dira, areto komertzialetatik pasa gabe.

KAZETARIAK ERE JOPUNTUAN

Aurretik aipatutakoa nahiko ez eta, fronte berri bat irekitzea otu zaio ekitaldi italiarrari. Oraingoan, Netflix zerbitzuaren auzian ez bezala, Cannesek eta Berlinaleak irekitako bidea jarraituko du Mostrak. Mundu osoko kazetari eta kritikarien lana oztopatuko duten neurriak jarri ditu martxan: filmen aurkezpen publikoa egin arte ezin izango dute sare sozialetan edota komunikabideetan iruzkinik idatzi. Neurriak hautsak harrotu ditu, izan ere, profesionalei bere lana duintasunez eta soiltasunez egitea galaraziko die.

Orain arte, kazetariek saio bereziak izaten zituzten filmen aurkezpen ofizialen aurretik, baina Thierry Fremauxek, frantziar jaialdiko zuzendariak, inposatutako erabakiak kazetarien lan erritmoa moteldu eta aldrebestu du. Prentsaren eta publikoaren saioak bateratu ditu aurten Cannesen Fremauxek, aurreko ekitaldietan kazetariek  sare sozialetan film asko kondenatu, hondoratu edota madarikatu dituztelakoan. Argudio hauek, ordea, hitz lausoz plazaratu ditu, ekoizpenen estreinaldi mundialak “suspensean eta  ikusgarritasunean” oinarrituta egon behar direla defendatuz.