Nico, 1988 edo iraganaren ordainak

30 urte baino gazteago direnen artean, honezkero, ez dakit zenbatek jakingo ote duten nor demonio izan zen Nico. Hala ere, haren adiskide —eta arerio— izandako batzuk aipatuz gero (Andy Warhol, Lou Reed, Jim Morrison, Alain Delon…), agian batzuei jakin-mina piztuko zaie.

Ni dagoeneko zahartxoa naizenez, Warholen musa alemaniarra bertatik bertara ikusteko aukera izan nuen noiz-eta filmaren kontakizuna hasten den urte berean; 1986an, alegia.  Izan ere, urte hartan Gasteizko The End aretoan ikusteko parada izan nuen Velvet Undergroundeko beste neska. Gogoan dut gitarrarik gabeko banda bat ekarri zuela. Azken hau, oso deigarria, ahoz aho zebilen ikusleen artean kontzertuko lehen abestia jo bitartean (filmean aurkituko duzue horren arrazoia). Bestetik, oroitzen dut ez zuela bisik egin nahi izan haserre zegoelako ikusleok, bere ustez, ez genuelako kontzertua behar besteko arretaz aditu. Biak ala biak eta beste asko jasotzen dira ederto Nico 1988 ikusgarri honetan.

Susanna Nicchiarellik, Nicok, bere bandarekin (“yonky talde bat “ kantariaren esanetan) minibusez Europan egindako azken bira hartzen du kontagai; jakinda, pertsona baten bizitza osoa 90 minutuan laburbiltzea ezinezkoa dela. Eta aipatu behar da aukera hori behar bezala baliatzen duela italiarrak. Ondorioz, ez bilatu film honetan Nicoren zale gehien-gehienek espero dituzten gertaerak; hots, 60ko hamarkadan New Yorken emandako urteak. Aitzitik, Niko, zigarroa eskuan eta xiringa sakelan, barneko deabruekin borrokatzen duen emakume bat bezala azalduko zaigu: “Nire karrera Velvet Underground uztean hasi zen” errepikatzen die VU-n emandako aldikada laburraz etengabe galdekatzen duten kazetariei; “VUn kanta bi besterik ez nuen abesten, gainerako denbora oholtzaren atzeko aldean ematen nuen pandereta jotzen”.   

Beraz, zuzendariaren aukera ausarta da —60ko hamarkada inserto dokumental meteoriko batzuen bitartez baino ez da azalduko, muntaketa egoki erabiliz— eta Nico barik, Christa Päffgen —Nicoren benetako izena— azalduko zaigu; hau da, grabagailu eramangarri batekin, aliatuek Berlin bonbardatu zutenean ume-umetan entzundako burrunba hilduaren bila dabilen ipurterre drogazale bat (“porrotaren hotsa” bere hitzetan).