Ikusmira Berriak programaren bost egoiliarrek agerraldia egin dute gaur Tabakaleran, tartean Arantza Santesteban iruindarra egon da. Abuztuaren 20an ekin zioten ekitaldiaren laugarren edizioari, eta sei astez arituko dira Sortzaileen Gunean beraien proiektuak garatzen.

Manuel Abramovichek, Nele Wohlatzek, Elena López Rierak eta Grigory Kolomytsevekekin batera hasi zuen, astelehenean, Arantza Santestebanek gaur egungo egituran egingo duten azken Ikusmira Berriak programa. Gaur, aldiz, agerraldia egin du, bere lankideekin batera, 918 gau ekoizpenari buruz hitz egiteko. “Film bat egitea ez da erraza, eta Ikusmira Berriak ekimena aukera bikaina da lanari indarrez ekiteko”, adierazi du iruindarrak Donostian. Izan ere, eskuartean duen proiektua garatzeko “denbora, tokia eta baliabideak” eskainiko dizkiola nabarmendu du.

155 proposamen jaso ditu aurtengo Ikusmira Berriak programak, eta horietatik bost aukeratu ditu Donostia Zinemaldiak. Hala, eskainitako aukerari etekin handiena atera nahian, lana ondo burutzeko beharrezkoa den kontzentrazioaz hitz egin du Santestebanek: “Uste dut hemen gaudenontzat beharrezkoak direla honako hau bezalako ‘erretiroak’. Halakorik gabe, oso zaila da filmak egitea”. Besteak beste, aurretik dituzten sei aste hauetan pitching saioaetan eta tailerretan parte hartuko dute egoiliarrek. Gainera,  San Telmo museoan, Koprodukzio Foroaren egoitzan, beren proiektuetan interesa duten profesional kreditatuekin ‘one-to-one’ biltzeko aukera ere izango dute. “Hemen lantzen ari garen proiektuei buruzko feedbacka eman eta jaso nahi dut; tutoretzak, zuzendarien arteko elkarbizitza, Zinemaldiaren garaia da…”, aitortu du iruindarrak. Orokorrean, kide guztien proiektuak nola hazten diren ikusteko irrikan azaldu da sortzaile euskalduna.

Arantza Santestebanen 918 gau filmak irudirik gabeko mundu isolatu batean bizitzea zer den erakutsiko du kartzelari buruzko kontaketa honetan: “Irudi hauek islatzen dutena ez dira kartzelako eguneroko baldintzak, baizik eta kartzelari buruz dugun imajinario sozialak erabiltzen dituen formak. Gelaxkak, patioak, hesiak, krimen antolatua, terrorismoa edo drogak…”. Hala ere, kartzelako eguneroko bizitza ulertzeko funtsezkoak diren gauzak irudikatzea “ia ezinezkoa” dela ohartarazten du, eta filmak, “denboraren joana, kanpoko munduarekiko isolamendua, itxita egotearen ondorio fisiko eta psikologikoak, menderatze-espazio opakuak…” bezalako gaiak jorratuko dituela gogorarazi du.

Euskal Herriko Unibertsitatean Historia ikasi zuen Arantza Santestebanek. Centre de Dones Francesca Bonnemaison ikastegiak Dokumental Kreatiboan diploma eskuratu zuen gero. Comunicación, cultura, sociedad y política  (UNED-Espainia) masterreko ikerlaria da, eta zinemako ordezkaritzari, feminismoari eta gaur egungo gatazka politikoei loturiko gaiak aztertzen ditu, besteak beste.

Ikusmira Berriak programako irabazlean irailaren 26an emango dituzte jakitera. Proiektua garatzeko bitartekoak eskaintzeaz gainera, 25.000 euroko ordainsaria banatuko ditu programak hautaturiko proiektuen artean. Horrez gain, REC Grabaketa Estudioak postprodukzio-zerbitzuak eskainiko ditu sari gisa, 35.000  zenbatetsiak.

Informazio gehiago Donostia Zinemaldiaren webgunean.