Datorren astean ekingo diote ‘Agur Etxebeste!’ filma errodatzeari

Bueltan dira Etxebestetarrak. Orain dela 13 urteko talde artistiko zein tekniko berberekin ekingo diote Asier Altuna eta Telmo Esnal zuzendariek Aupa Etxebeste! filmaren jarraipena errodatzeari. Bergaran izango da, aurrekoan ere han grabatu baitzuten, eta familia-etxea izango du ardatz.

2005ean izan genuen lehendabiziko aldiz familia xelebre honen berri. Donostia Zinemaldiko Zabaltegi sailean estreinatu zuten filma, eta berariazko tokia betetzen du euskal zinemagintzaren historia garaikidean. Izan ere, azken urteetan sektoreak jasan duen loraldiaren mugarri da. ‘Handia’ efektua ezagutu dugun arte, inoiz ikusle gehien erakarritako euskara hutsezko filma izatearen domina jantzi du urte askoz, eta sekulako urratsa suposatu zuen horrek oso-osorik euskaraz filmaturiko lehen filma izan zenarentzat.

Ramon Agirre, Elena Irureta, Paco Sagarzazu, Iban Garate, Iñake Irastorza eta Patxi Gonzalez izan ziren, besteak beste, lehenengo lanaren protagonistak, eta oraingoan ere, oro har, lantalde berdina aritzea da zuzendarien asmoa. Etxebeste familia berriro ere, baina saltsa berri batean murgilduta: Patrizio Etxebeste “osasun arazoengatik” alkate izateari uztera behartua dago. Hala ere, udaleko agintea ez galtzearren bere emaztea den Maria Luisa izendatuko du herriko lehen emakume agintari gisa. Oso serio hartuko du bere lana emakumeak, eta udaletxeko funtzionamendua goitik behera aldatuko du. Aldaketaren zantzuak famili egiturara iritsiko dira ere, eta liskarrak tirabirak sortuko dira bikote harremanean.

Bergaran girotuko da filma berriro ere, eta lehenengo atalean ezagutu genuen familia-etxearen inguruan eraikiko dute istorioa beste behin. Datorren astean hasiko dute errodajea, astelehenean, eta sei asteko iraupena izango duela aurreikusi dute. Abuztuaren 27an hasi eta urriaren 5a bitartean, ia egunero jardungo dute filmaketa lanetan, eta Gipuzkoako beste zenbait herritatik ere igaroko dira; Hondarribitik, Zarauztik eta Irundik, tartean.