Udako atsedenaldiaren ostean, Nafarroako Filmotekak ikasturte berriari hasiera emango dio irailean, eta bertan ikusi ahal izango diren ziklo eta emanaldien berri argitu du. Buddahdeb Dasgupta zuzendari indiarraren lau film ikusteko aukera egongo da; zientziari eskainitako zikloaren bigarren proiekzio sorta prestatu dute; zinema dokumentalak bere tokia izango du; Iberoamerikako ekoizpen bat programatuko dute; eta sorpresaz betetako saio bereziek ere osatuko dute egitaraua. Emanaldiak 20:00etan izango dira.

BUDDHADEB DASGUPTA

Poeta eta eleberrigilea bada ere, gaur egun, Indiako zinegilerik entzutetsuenen artean koka daiteke Buddhadeb Dasgupta. Bere filmak arrakasta izaten ari dira nazioarteko jaialdietan, eta Asiako, Europako zein Ameriketako herrialdeetan atzera begiradak eskaini dizkiote. Bollywood marka komertzialetik kanpo sailka daitezkeen filmak egiten ditu Dasguptak, askatasuna artistikoa lehenesten duen indiar zinema alternatiboaren baitan. Irailean, Nafarroako Filmotekak zuzendariaren lau filmek osatutako zikloa eskainiko du asteazkenero.

  • Irailak 5: Lal Darja (La puerta roja, 1997)
  • Irailak 12: Manda Meyer Upakhyan (Historia de una chica traviesa, 2002)
  • Irailak 19: Swapner Din (Días de sueños, 2004)
  • Irailak 26: Kalpurush (Memorias en la niebla, 2005)

SAIO BEREZIAK

Filmotekak, hilabetero bezala, zenbait saio berezi prestatuko ditu oraingoan ere. Alde batetik, Nafarroako Unibertsitateko Komunikazio Fakultateko ikasleek sortutako immigrazioa mintzagai izango duen Faraway Land dokumentala aurkeztuko dute. Aurretik, ordea, Super8 mm-tako Zinema Tailerraren III. edizioan parte hartu duten ikasleen film labur mutua ikusteko parada egongo da. Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko ikasleek The Phantom of the Opera (Rupert Julian, 1925) filmari musika jarri ostean, proiektuaren azken emaitzaz gozatu ahal ziango dute bertaratutakoek. Azkenik, Festival Rizoma de Cine jaialdian film onenaren saria eskuratu zuen pelikula ere proiektatuko dute, Los objetos amorosos. Zuzendaria bertan egongo da bere lana aurkezten. Emanaldiak ostegunetan egingo dira.

  • Irailaren 6an, 18:30ean: Super8 mm-tako Zinema Tailerraren III. edizioan parte hartu duten ikasleen film laburra.
  • Irailaren 6an, jarraian: Faraway Land (Daniel A. Azpe eta Josepmaria Anglès, 2017)
  • Irailaren 13an: Los objetos amorosos (Adrián Silvestre, 2016).
  • Irailaren 27an: The Phantom of the Opera (El fantasma de la Opera, Rupert Julian, 1925).

ZIENTZIA ZINEMA II

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ADItech Katedrak antolatutako zikloa da, eta bigarren ekitaldi honetan SciencEkaitza lehiaketako irabazleek lau film aurkeztuko dituzte. Emanaldiak ostiraletan egingo dira.

  • Fantastic Voyage (Viaje alucinante, Richard Fleischer, 1966).
  • Mission Blue (Fisher Stevens eta Robert Nixon, 2013).
  • Bombshell: The Hedy Lamarr Story (Bombshell: la historia de Hedy Lamarr, Alexandra Dean, 2017).
  • De ollas y sueños (Ernesto Caballos, 2009).

ATENEO ZIKLOA

Zinema dokumentalari eskainitako zikloan zinema jaialdietan saritutako lanak eskaintzen ditu Filmotekak. Irailaren 18an, Malagako zinema jaialdian dokumental onenaren saria eskuratu zuen Ainhoa, yo no soy esa lana proiektatuko dute. Carolina Astudillo Muñoz zuzendaria bertan izango da filma aurkezten.

PUNTO DE VISTA FOKUA

Iberoamerikako zinema bultzatu nahian, Nafarroako Filmotekak Las lindas (Melisa Liebenthal, 2016) film argentinarra eskainiko du irailaren 20an.

Iraileko programazioa osatzen duten saioetara bertaratu nahi dutenek, sarrerak interneten edo zinema aretoaren leihatilan bertan erosi ahal izango dituzte (saioa hasi baino ordu-erdi lehenago irekiko da leihatila). Sarrera bakoitzak 3 euro balio ditu, eta hamar emanaldirako abonuak 20 euro. Hala ere, irailaren 6an, 18:30ean egingo den saio berezia doakoa izango da, eta irailaren 27ko The Phantom of the Opera emanaldirako sarrerak 5 euro balio ditu.

Informazio gehiago Nafarroako Filmotekaren webgunean.