Kritika: ‘Thoroughbreds’

Zuzendaria: Cory Finley

Urtea: 2017

Herrialdea: AEB

–Ezer ez sentitzeak ez zaitu gaiztoago bihurtzen–

28 urteko Cory Finley zuzendari hasiberriak Thoroughbreds idatzi zuenean ez zuen film bat irudikatu, antzerkirako lan bat bezala antolatu zuen, trama osoa bi protagonistak sofa batean eserita igaroz. Baina berehala antzezlanaren indarrak film batean bihurtzera bideratu zuen, batez ere istorioak eskaintzen zituen aukera estetikoengatik.

Thoroughbreds genero eta iturri desberdinetatik abiatzen da, Harold Pinter dramagileak sortutako “mehatxu komediak” aintzat hartuz, eta zinema beltza, thrillerra eta “nerabeen filmak” ere elkartzen ditu. Jostailu filmiko freskagarri honek garaian bizi dugun nahas-mahasaren eredu dirudi. Baina benetako abiapuntua ezer sentitzen ez duen enpatiarik gabeko norbait izango zela argi zuen Finleyk. Hortik aurrera, bi pertsonaia ditugu protagonista, emoziorik gabeko Amanda soziopata (Olivia Cooke, Ready Player One filman nabarmendu aurretik) eta ikasketetarako erraztasuna duen Lily (Anya Taylor-Joy, The Whitch eta Split filmetan gailendu dena), biak aberats familietako nerabeak. Amandaren enpatiarik ezak ekintza krudelak egitera bidera dezake, filmaren hasieran ikus daitekeen bezala, baina ez sadikoki mina sortzeko, egin beharreko zerbait dela uste baitu. Mizkek hazitako Lilyrekin bat egitea sua gasolinarekin elkartzea bezalakoa da, eta orduan edozer egiteko prest daude, hilketa barne, noski, ez baitugu ahaztu behar zinema beltzaren ezaugarriak dituela filmak. Klixeei jarraituz, saiatuko dira Lilyren aitaordea hiltzen, eta horretarako hirugarren baten laguntza beharko dute, droga-saltzailea den Tim (Anton Yelchin, bere bizitzako azken lana egiten, filmaketa bukatu eta gutxira istripuz hil baitzen), eta hitchcockiar moduan hasten den suspensea hanekear modu hotzagoan bukatuko da. Ez dut argumentua zapuztuko, baina hemendik aurrera bi neskek beren tresnak zorroztu eta erabili beharko dituzte, hilketa ondo ateratzea nahi badute.

Finleyren opera primak gauza on asko ditu, besteak beste, estetika oso landua, argitasun askokoa, kamera mugimendu zehatz eta eraginkorrekin, noizbehinka kamera geldoa erabiliz (Ave Maria eszena liluragarria deritzot). Baita ere azpimarragarria da istorioa gertatzen den eszenatokia, familia aberatsen etxe erraldoien hutsarekin jokatzen duelarik, modu estrategiko eta esanguratsuan atrezzoko objektuak sakabanatuz (asko izenburuko odol garbiko zaldiekin lotuta). Aktoreen lana ere azpimarragarria da eta, Cookek eta Joyk lortzen duten kimikak eta konplizitateak XXI. mendeko diaboliques berrien aurrean gaudela pentsarazten digu. Thoroughbredsen azken atal aipagarria bere soinu-banda da, Erik Friedlander biolontxelo-jotzaileak sortu duen musika giroarekin maisuki bat etortzen baita, eta filmak uzten dituen hutsuneak soinu aztoragarri eta misteriotsuek betetzen dituzte. Irudia eta soinua bikainki elkartzen dira, istoriaren zati garrantzitsu bihurtuz.

Lehen lan bat izateko, Cory Finley osorik atera dela esan dezakegu Thoroughbreds filmarekin, eta azken atalean dagoen klimaxa nola konpondu duen ikusita, eremuz kanpo utziz gertatzen den garrantzitsuena, etorkizun itxaropentsu bat iragartzen diogu zuzendari estatubatuarrari.