Lau Haizetara Foroan antolatuko diren Pitching saioetara publiko gisa bertaratzeko deialdia

Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroan Pitching saioak egingo dituzte irailaren 27an, eta antolatzaileek proiektuen aurkezpenak ikusteko aukera emango die bertaratu nahi dutenei. Hala, Kursaal Jauregian, produktoreek Comissioning Editoreen panel garrantzitsu baten aurrean egingo dituzten azalpenak jendearentzat irekita egongo dira.

Irailaren 25etik 27ra antolatuko dute  IBAIAk eta Donostia Zinemaldiaren Industria Departamentuak Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroa, eta aurtengo XIV. edizioan, azken egunean egingo diren Pitching saioetara publiko gisa hurbiltzeko aukera eskainiko dute. Gonbidapena lortzeko, datu pertsonalekin dagokion inskripzio-fitxa bete beharko dute interesatuek, Zinemaldiko akreditazioa lortu den edo ez zehaztuta. Akreditaziorik izan ezean, jardunaldirako eguneko txartela eskatu beharko dute inskribatutakoek eta foroaren egunean bertan ordaindu beharko dute. Txartelak 15 euro balio ditu. Horrez gain, segurtasun-sistema eta aretorako sarbide nahasia direla-eta, eguneko txartela eta bidezko materiala behar adinako aurretiaz jasotzea gomendatzen dute antolatzaileek.

Hautatuak izan diren hamalau proiektuak ezagutzeko eta ikus-entzunezkoen zein zinematografiaren sektoreko profesionalak ezagutzeko parada izango dute bertaratutakoek. Izan ere, saioetan, gaian aditua den moderatzaile bat egongo da, eta gaztelaniaz zein ingelesez aurkeztuko diren lanetan aldibereko itzulpen-zerbitzua eskainiko da.

Informazio gehiago IBAIA Ikus-Entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartearen webgunean.