X. Zinema Express Jaialdian izena emateko epea irailaren 3an bukatuko da

Portugaleteko Zinema Express Jaialdiak hamargarren ekitaldia beteko du aurten, eta izena emateko deialdia ireki dute jada. Irailaren 3ra bitartean burutu ahal izango dituzte inskripzioak gehienez zazpi kidez osatutako taldeek. Jaialdian, nahi duten guztiek parte hartu ahal izango dute, antolatzaileek ez baitute inolako adin edota nazionalitate mugarik jarriko. Ekimena Dale Al Play Elkarteak antolatuko du beste behin.

Irailaren 22an (larunbata) egingo dute aurtengo Zinema Express Jaialdia, Portugaleten, eta euskarazko zein gaztelaniazko film laburrak egunean bertan burutu beharko dituzte parte hartzaileek. Izan ere, hamar orduko tartea izango dute aurkeztutako taldeek beraien lanak filmatzeko, 9:00etatik 19:00etara. Jaialdian parte hartu ahal izateko, aurretik izena eman beharko da webgunean, eta hurrengo datuak  eman beharko dituzte: taldearen izena, izen-abizenak eta NAN zein telefono zenbakiak eta korreo elektronikoa.

Hamargarren ekitaldian burutzeko jarraitu beharreko gaiak grabazioaren egunean bertan argituko zaizkie partaideei, 9:00etan, Portugaleteko Gazte Gelan. Film labur bakoitzaren iraupena ez da 3 minututik gorakoa izango, kreditu-izenburuak barne. 3 minutuko iraupena gainditzen duten lanek ezin izango dute saririk jaso. Gainera, antolatzaileek proposatutako tokietatik, gutxienez hiruk, lanetan agertu beharko dute.

Euskal ikus-entzunezkoen munduan ezagutza zabala duten hiru kidek osatuko dute epaimahaia eta hurrengo sari hauek banatuko dituzte:

  • 1. saria: 1.000 € eta trofeoa
  • 2. saria: 800 € eta trofeoa
  • 3. saria: 600 € eta trofeoa
  • Akzesita saritu gabeko Portugaleteko egile onenari: trofeoa

Informazio gehiago Portugaleteko  Zinema Express Jaialdiaren webgunean.