Oporretan

Badirudi zinemak ere oporrak hartzen dituela udan. Eguzkiak burua berotzen digu eta, beraz, ezin dugu gehiegi pentsatu. Hori dela eta, zinema aretoetan ikuslegoari esfortzurik exijitzen ez dioten superheroi, akzio edo komediazko filmak bakarrik eskaintzen dituzte. Ez dakit zein den areto hauek hilabeteotan jasotzen duten ikusle kopurua, baina niri behintzat zinemara joateko gogoa kentzen dit udako programazioak.

Urtean zehar ikusi ez ditudan filmen garaia da niretzat uda, ikusteke ditudan filmen garaia. Baita klasikoak berrikustekoa ere. Horretarako aukera politak dira aire librean egiten dituzten zinema saioak. Gurean eguraldiarekin asmatzea erraza ez bada ere, badira hainbat ekimen interesgarri: zinea hondartzan, terrazetan, herriko plazan… Beraz, jertsea eta manta pare bat hartuta, ohiko zinemetako udako eskaintzaz ihes egiteko bideak daude. Oporretan ere zinemaz disfrutatzea gustatzen zaigulako!