Lekeition egiten den Euskal Zine Bilera heltzeko hilabete gutxi falta direla, euskarazko zinema lantzen duen jaialdiak aurtengo 41. edizioak izango dituen berrikuntzen berri eman du. 40+1 lelopean, gaur egun ikus-entzunezko munduaren eta bertan egiten diren zinema jaialdi nahiz lehiaketen beharretara egokitu nahi izan du ekimenak.

Urriaren 6tik 12ra bitartean antolatuko duten Euskal Zine Bilerara lanak aurkezteko deialdia iragan abuztuaren 3an itxi zuten, eta guztira, 49 lan jaso dituzte. Bigarren urtez, jaialdiaren lehen egunetan, urriaren 6tik 7ra, Kameratoia egingo da, Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean. Gazteei zuzendutako ikus-entzunezko rally-a, aurten, 24 ordutakoa izango da, eta <<gazteek egun betez Lekeitio beraien kamerekin hartzea aurreikusten da>>. Gainera, <<nahi duenak aukera izango du Lekeitioko aterpetxean lo egiteko, prezio merke baten truke>>.

Bestalde, lan profesional eta amateurren arteko aldea geroz eta txikiagoa eta ezberdintzen zailagoa izanik, 41. ekitaldiak bi kategoria horien bereizketa desegingo du. Hala ere, arlo ez profesionalari eskainitako atal berezi berri bat ere sortu dute: lehenengoz, herrian bertan edo herrikide batek grabatutako super 8 irudiak bildu nahi dituzte. Film hauek aurkezteko deialdia abuztu amaieran irekiko dute. Horrez gain, Lekeitiarren super 8 irudiak Euskadiko Filmategira eraman nahi dituzte, materiala gorde, zaindu eta konpontzeko asmoz. Filmak deposituan uztearen truke DVD bat oparituko zaio irudien jabeari, hala, hauek irudiak formatu digitalean ikus dezaten.

Informazio gehiago Euskal Zine Bileraren atarian.