Kritika: ‘Beirut’

Zuzendaria: Brad Anderson

Urtea: 2018

Herrialdea: AEB

–Ekialde Hurbileko nahaspilan denek zerbait nahi dute–

Ekialde Hurbila bolborategi bat dela guztiok argi daukagu. Israel-Palestina-Libano-Jordania-Siria aspalditik datorren etengabeko gatazkan sartuak daude eta, nahiz eta albistegietan (edo in situ) ikusi ditugun egoera horren ondorioak, oso zaila izaten da noiz, nola eta zergatik hasi ziren jakitea. Inguruan dauden herrien egoerak gehitzen badizkiegu (Turkia, Egipto, Irak, Arabia, Iran…) korapiloa ia ulertezina bihurtzen zaigu. Errudunak bilatzearren, erlijio aniztasuna, antzinako gorrotoa erkidegoen artean, europarren kolonialismoa, interes ekonomiko-estrategikoak (AEBenak batez ere, baina baita Errusiarenak, Europar Batasunarenak, Txinarenak eta beste askorenak ere) izendatu ditzakegu, baina egia esateko, filosofen harria aurkitzea baino zailagoa dela dirudi.

Zinemak ere gatazkari modu askotan ekin dio, eta gogoangarriak dira adibide batzuk, bai fikzioan, bai dokumentalean, bai animazioan. Gaiak ia agorrezina dirudi eta ez dut uste oker nagoenik aurreratzerakoan hurrengo urteetan honen inguruan film ugari izango ditugula. Gainera, badirudi I-11 osteko urteetan espioien filmen berpizkunde moduko bat dagoela (Gerra Hotzaren egoeraren itzulera ote?), eta honek guztiak fikzio interesgarriak izatea bideratu du: Munich (2005), Syriana (2005), Das Leben der Anderen (2006), Tinker Tailor Soldier Spy (2011), Argo (2012), Bridge of Spies (2015), Red Sparrow (2018), eta abar luzea. James Bond eta Ethan Hunt (Mission: Impossible) agente sekretuen frankiziek ere itxura berritze bat jasan dute, gaurko garaietara moldatuz. Hortxe kokatzen dira baita ere Jason Bourne pertsonaiari buruzko filmak, amnesiak jotako antiheroia. Matt Damon protagonista den sailak gaur aurkezten dugun Beirut filmarekin bi atal partekatzen ditu, gidoilaria (Tony Gilroy) eta protagonista traumatizatutako antiheroi bat izatea (Mad Men telesailetik ezaguna den John Hamm).

Beirut filmak Libanoko Gerra Zibilaren (1975-1990) atarian kokatzen gaitu, 1972an, lehertzear dagoen gatazka sekuentzia efektibo eta bikain batekin aurkeztuta, Mason Skiles (John Hamm) estatubatuar diplomatikoa betiko traumatizatuz. Hamar urte geroago, jada politikatik at eta alkoholiko bihurtuta, Beirutera itzuli beharko du, lagun zuen CIAko ofizial bat bahitu baitute eta bahitzaileek Skiles eskatu baitute negoziatzaile moduan. Libanon jada, Skiles eskualdean Estatu Batuak, Israelek, Palestinaren Askapenerako Erakundeak (PAE) eta beste talde askok interes desberdinak dituztela ohartuko da, bere lagunaren askapenerako oztopo izango direnak. Alde honetatik filmak ikuspegi sintetikoan aurkezten du Libanon zegoen nahas-mahasa, hori bai, ikusleak beti Skilesekin (eta bere traumarekin) identifikatzeko. Filmak garaian zeuden gatazken arrazoiak ez ditu azaltzen, estatubatuarrak ez diren pertsonaiak garatu gabe gelditzen dira eta horrek guztiak Beirut hankamotz uzten du. Hala ere, ez dut uste sortzaileek Libanoko ikuspegi soziopolitiko landuegi bat egin nahi zutenik (nahiz eta benetako gertaera batean oinarritu, William Buckley CIAko buruzagiaren bahiketa eta hilketa 1985ean), eta hori bilatzeak ikuslea huts egitera eraman dezake. Brad Anderson zuzendari eraginkorra da, telebistan lanean jo eta ke dabilena (24 telesailetan lan egin du orain arte, batez ere Fringe telesailean) eta zinemarako filmetan ez du orain arte izugarrizko lanik aurkeztu (bere garaian Session 9 eta The Machinist filmek ikusmina sortu zuten). Bere lana, hortaz, ez da filmak duen atalik hoberena, bai, ordea, aktoreek eginikoa, aipatutako John Hamm nabarmenduz, baina baita bigarren mailakoak direnak ere: Rosamund Pike, Dean Norris edo Shea Whigham bikainak.

Ekialde Hurbileko egoera eta gatazka ulertzeko asmoz norbait Beirut ikustera hurbiltzen bada, ziur asko zapuztuta geldituko da, baina azkenaldian dagoen espioien filmen berpiztearen deiari jarraitzen badio, nahikotzat joko du Beirut.