#ausartufilmatzera lehiaketa antolatu du 66. Donostia Zinemaldiak, Instagramen

Donostia Zinemaldiak Instagram bidezko #ausartufilmatzera lehiaketa antolatu du. Bertan parte hartzeko, “modu original eta pertsonal batean” gustukoen duen pelikula baten eszena birsortzen duen bideo bat igo beharko du interesatu orok sare sozialera. Proposamenak bidaltzeko epea abuztuaren 26an, gaueko 23:59an, amaituko da eta irabazleen izenak abuztuaren 31n argitaratuko dituzte.

Zinemazaleei zuzendutako lehiaketa berri bat jarri berri du martxan aurten Zinemaldiak. Instagram sare sozialera, gehienez, minutu bateko iraupena duen bideo bat igotzera animatu nahi ditu jaialdiak ikus-entzuleak, bertan film bateko eszena bat birsortuz. Bideoak filmaren izenburua jaso beharko du eta  #66SSIFF zein #ausartufilmatzera traolekin etiketatuta egon beharko da. Era berean, lanek Instagrameko formatu laukia, 640×640 pixel, izan beharko dute.

Lehiaketan bi sari banatuko dituzte: batetik, irabazleak Zinemaldiaren Kursaaleko inauguraziorako bi sarrera eramango ditu; bigarren sarituak, bestalde, jaialdiko edozein sailetarako lau sarrera (Galak eta Belodromoa izan ezik) eta Zinemaldiko 66. edizioko merchandising pack bat eramango ditu. Horrez gain, like gehien dituen bideoaren egileari Belodromoko klausura galarako bi sarrera oparituko dizkiote.