Hamalau proiektuk hartuko dute parte Lau Haizetara Foroaren aurtengo ekitaldian

Donostia Zinemaldiaren baitan antolatuko den Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroak aukeratutako hamalau proiektuen berri eman du. Irailaren 25etik 27ra antolatuko da XIV. edizioa eta tartean lau proiektu euskaldun egongo dira, gainerakoak, Argentinatik, Italiatik, Norvegiatik, Mexikotik, Kubatik, Alemaniatik, Armeniatik, Kanadatik, Dominikar Errepublikatik eta Indonesiatik datoz.

Guztira, ia 90 proiektuk eman zuten aurtengo ekitaldian parte hartzeko izena, izan ere, sektoreko profesionalen topagune arrakastatsua bihurtu dela baieztatu dute antolatzaileek. Horren adibide da, baita ere, Lau Haizetara Foroak sinatutako lankidetza-harremanak. Hitzarmenaren ondorioz, FIPADOC Biarritzeko Ikus-entzunezko Programen Nazioarteko Jaialdian eta DocsBarcelona Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdian parte hartu duten No Women, No Revolution eta Mal de Caña proiektuak hautatu dituzte Donostian antolatuko den Foroan ere izateko.

Aukeratutako proiektuen zerrenda:

Irailaren 25ean eta 26an, Tabakaleran, foroaren aurreko tailerrak prestatuko dituzte aukeratutako proiektuentzat. Hilaren 27an, aldiz,  Catherine Ulmer eta Ventura Durall tutore-lanetan arituko dira eta tresna egokiak eskainiko dituzte, alde batetik, pitching-a perfekzionatzeko eta, bestetik, produktoreen One to One bilerak egiteko, Donostiako Kursaal jauregian.

Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroa IBAIAk eta Donostia Zinemaldiaren Industria Departamentuak antolatzen dute, eta guztira, 15 herrialdetatik baino gehiagotatik etorritako 156 proiektu igaro dira bertatik. Horietatik, 50 proiektu estreinatu dituzte jada, eta hamar bat amaierako fasean daude.

Informazio gehiagorako sartu www.lauhaizetara.eu atarian.