Hamabi film lehiatuko dira Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean

66.  Donostia Zinemaldiak Horizontes Latinos sailean lehiatuko diren hamabi filmak aurkeztu ditu. Horietatik, hiru Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan parte hartuko duten lanak izango dira, eta Zinema Eraikitzen saileko lau ekoizpen ere sartu dira hautaketan. Gainera, antolatzaileek aditzera eman dutenez, VI. Sebastiane Latino saria jasoko duen Las herederas filmak zabalduko du aurtengo ekitaldia.

Horizontes saria (35.000 euro zuzendariari eta film irabazlearen Espainiako banatzaileari) lortzeko lehiatuko diren Latinoamerikan ekoitzi, zuzendu edo girotutako hamabi filmak Gazteriaren sarirako hautagai ere izango dira.

Hona zerrenda:

Las Herederas (Marcelo Martinessi). Zuzendari argentinarraren lehen film luzea da. Aurretik, ordea, bere film laburrak Berlinen eta Venezian aurkeztu ditu urte askotan.

Cómprame un revólver (Julio Hernández Cordón). Zuzendaria Zinema Eraikitzen Industria Sariaren merezidun izan zen 2007an, baita Horizontes sariarena ere, 2008an.

El motoarrebatador (Agustín Toscano). Argentinarraren lehen film luzeak (Los dueños) aipamen berezia jaso zuen 2013ko Kritikaren Astean.

Enigma (Ignacio Juridic Merillán). Txiletarraren filma Toulouseko Zinema Eraikitzen sailetik dator.

Familia sumergida (Maria Alché). Lucrecia Martelen La niña santa filmaren protagonista izan zen 2004an. Besteak beste, Locarno, Rotterdam, BAFICI eta Toulouseko zinema-jaialdietan aurkeztutako eta saritutako zenbait film labur zuzendu ditu. Iaz Donostiako Zinema Eraikitzen sailean aukeratu zuten haren lehenengo film luzea, Familia sumergida, eta duela gutxi Locarnoko zinema-jaialdian proiektatu da, Cineasti del Presente sailean.

Ferrugem / Rust (Aly Muritiba). Zinema Eraikitzen Industria Sariaren irabazle eta Sundanceko World Cinema Dramatic Competition hautatua izan zen iaz zuzendari brasildarraren film hau.

Figuras (Eugenio Canevari). Gorila Baila izeneko film laburrarekin Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketan parte hartu zuen zuzendariak, eta Paula, haren lehenengo lana, Zinema Eraikitzen sailerako aukeratu zuten 2014an. Ondoren, Zuzendari Berriak sailean estreinatu zen 2015ean.

La noche de 12 años (Álvaro Brachner). Uruguaitarrak 2009an idatzi eta zuzendu zuen bere lehenengo film luzea, Mal día para pescar, eta Canneseko zinema-jaialdiko Kritikaren Astean aurkeztu zuen. Bigarrena, Mr. Kaplan (2014), Iberoamerikako film onenaren Goya sarietarako izendatu zuten.

Los silencios (Beatriz Seigner). Brasildarraren filmak Zinema Eraikitzen 33 saria eta Europar banatzaileen eta erakusleen saria irabazi ditu, eta Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldian aurkeztu da.

Marilyn (Martín Rodrífuez Redondo). Argentinarraren filma Koprodukzio Foroaren aukeran sartu zen 2014an. Horrez gain, Zinema Eraikitzen Europar banatzaileen eta erakusleen saria irabazi zuen 2017an Toulousen, eta Berlingo aurtengo zinema-jaialdiaren Panorama sailean estreinatu da.

Nuestro tiempo (Carlos Reygadas). Mexikarraren Japón (2002) filmak aipamen berezia jaso zuen Cannesen, lehenengo obren kategorian; Stelle Licht filmak epaimahaiaren saria eraman zuen 2007an Frantziako zinema-jaialdian; eta Post Tenebras Lux-i esker zuzendari onenaren saria irabazi zuen 2012an (berriz ere Cannesen).

Sueño florianópolis (Ana Katz). El juego de la silla (2002) filmarekin egin zuen debuta eta hainbat aldiz parte hartu du Zinema Eraikitzen sailean. Gainera, aipamen berezia jaso zuen Made in Spain sailean. Bere Los Marziano filma Donostiako Sail Ofizialean sartu zen 2011n.

Informazio gehiago Donostia Zinemaldiaren webgunean.