Ari Du abestiaren bideoklipa grabatzeari ekingo diote Hernanin

Euskara ari du elkarteak Baietz Hernanik! urtebeteko erronkarako espresuki sortutako Ari Du abestiaren bideoklipa grabatzeari ekingo dio gaur. Elkarteak herritar guztiei luzatu die 19:00etan Hernaniko Tilosetan elkartzeko gonbita, bertan, erronkalariekin batera grabaketa egiteko.

Otsailean jarri zuen martxan Euskara Ari Du elkarteak Baietz Hernanik! erronka, euskararen erabilera bultzatzeko xedez sortutako ekimena. Hala, iaz hernaniarrei euskarari astebetez eusteko deia egin bazitzaien, aurten, urtebetera luzatzea erabaki dute, abenduaren 31ra arte. Otsailean bertan, ekimenaren aurkezpen-ekitaldian, entzun ahal izan zuten herritarrek Ari DU abestia lehen aldiz, eta orain, “doinu eta letra horri irudiak” gehitzeko asmoz, bideoklip bat grabatzea erabaki dute. Gerturatutakoek Tilosetako kioskoaren aurrean markatutako siluetak margotu beharko dituzte, eta bitartean, grabazioari ekingo zaio. Izan ere, “herritarrak siluetak margotzen grabatzea da helburua”.

Informazio gehiago Euskara ari du elkartearen atarian.