Emily Dickinson idazleak bere bizitzako azken urteak etxetik irten gabe igaro zituen. Are gehiago, Japoniako gaur egungo hikikomorien antzera, ez zen bere logelatik behin ere atera. Garai haietan ordea, ez zegoen Internetik eta kanpoko mundu bortitz eta arriskutsua modu seguruan erakutsi zezakeen pantailarik. Ez, Emily Dickinsonek ez zuen kanpoko errealitate hori ezagutzeko modurik. Baina berdin zitzaion.

Izan ere, idazlearen iritziz mundua bi modutan ezagutu zitekeen: kanpora begiratuz, edo barrura begiratuz. Berarentzat, barneko mundu hori kanpoko errealitatearen isla zen, eta alderantziz, txanpon beraren bi aurpegiak bezala. Eta barneko mundu horietan barrena bidaiatu zitekeen ere, pentsamenduaz eta irudimenaz baliatuz.

Gaur eguneko errealitate transmediatikoan Emily Dickinsonen ideia horiek zentzu guztia dute. Azken finean, murgiltze-teknologia berriekin, etxetik irten gabe oso urrun bidaiatu dezakegu eta aparteko abenturak bizi ditzakegu. Baina era berean, teknologia horiek, irudimen sortzailerik gabe tresna huts izaten jarraitzen dute. Horregatik, eta udaran gaudenez, egin dezagun turismoa… Baina barrura begiratuz eta irudimena eta teknologia uztartuz:

Helmuga 1_Genesis City. Blockchain bidez eraikitako hiri birtuala da. Second Life mitikoaren antzera, baina VR moduan. Gainera, sare soziala izan ordez, etorkizuneko inbertsio gune global bezala diseinatu da.

Helmuga 2_ Frankenstein A.I. Adimen artifizial baten sorkuntzan oinarritzen den egitasmo artistikoa da. Proiektu irekia da, elkarlanaren bidez garatzen ari dena eta Mary Shelley ideazlearen obra ospetsuaren omenaldi gisa irudikatu dena.

Helmuga 3_The LockDown. Jadanik ezagunak dira escape room esperientziak. Baina honakoa Errealiate Areagotuan oinarritzen da, Minority Report filmeko interfaze ezagunean inspiratuz gainera.

Helmuga 4_Rabbits. Podcast formatuan oinarritzen den transmedia egitasmoa da. Dokudramaren generoan kokatzen da eta misterioz beteriko hamar pasartez osatuta dago. Soinu bidezko murgilketa gamifikazio ukituarekin.

Helmuga 5_Manifest 99. Errealitate Birtualean oinarritzen den fantasiazko eta beldurrezko istorio interaktiboa da. Bidaia baten istorioa, hildakoen mundu iluna gurutzatzen duen tren misteriotsuan kokatzen dena