Donostia Zinemaldiaren egitarauan sartuko da, zazpigarrenez, Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa, eta bertan parte hartuko duten hamabi herrialdetako hamazazpi proiektu hautatu dituzte. Irailaren 23tik 26ra bitartean egingo den ediziorako 223 inskripzio erregistratu dira, iaz baino % 34 gehiago. Besteak beste, anorexia, lehenengo maitasuna, identitatea eta emakumezko gerrillariak izango dira hautatu dituzten filmen gai nagusiak.

Argentina, Belgika, Brasil, Danimarka, Espainia, Frantzia, Guatemala, Italia, Kolonbia, Mexiko, Suitza eta Txileko hamasei proiektu lehiatuko dira aurtengo Europa-Latinoamerika VII. Koprodukzio Foroan. Hala, Erdialdeko Amerikako eta Karibeko proiektu zinematografikoak garatzeko Ibermediaren tailerrean aukeratutako lana ez da saria eskuratzeko hautagai izango. Irailaren 23an, Foroaren lehen egunean, hamazazpi proiektuak aurkeztuko dituzte, Ikusmira Berriak egonaldi-programan aukeratutakoekin batera. Ondoren, horien ekoizle eta zuzendariekin one-to-one bilerak egingo dituzte hiru egunez, Zinema Eraikitzen sailarekin eta bigarren Glocal in Progress edizioarekin batera.

Koproduzio Foroaren baitan,  zazpigarren ekitaldi honetan, Zinemaldian proiektatuko dituzten hamabi hautagaietatik bederatzi zuzendariaren lehendabiziko edo bigarren filmak izango dira. Horien artean, Gariza Films-ek ekoiztutako Lara Izagirre bizkaitarraren bigarren film luzea egongo da, Ane & Peio, maitasun istorio bat piper artean. Horrez gain, lan-ibilbide ezaguna duten zenbait zuzendariren proiektuak ere aukeratu ditu Zinemaldiak Fororako. Adibidez, José Luis Torres Leivak Zabaltegi-Tabakaleran aurkeztuko du hirugarren urtez jarraian bere filma.

José Luis Rebordinos Zinemaldiaren zuzendariak azpimarratu duenez, «Zazpi urtetan, industria-jarduera erabat finkatua bihurtu da Foroa, ez soilik inskripzio kopurua handitu delako, baita parte hartzen duten zinemagile eta ekoizleen profilari esker ere. Izan ere, hala talentu berriak nola figura entzutetsuak biltzen ditu, eta euren proiektuak erkatu eta nazioarteko industria zinematografikoarekin partekatzeko aukeragatik aurkezten dituzte Donostian»

Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroak Europa Creativa MEDIAren eta Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia Garapen eta Azpiegituren Sailaren babesa du, eta erreferentziazko plataforma da bi zinematografia horien arteko ikus-entzunezko proiektuei bultzada emateko, baita Zinemaldiko industriako akreditatuentzako elkargune bat ere, hitzarmen profesionalak sustatu eta esperientziak trukatzeko.

Bestalde, sariak hnako hauek izango dira:

  • Proiektu onenaren saria, 10.000 euro gordin proiektu irabazlearen ekoizle nagusiarentzat.
  • EFADs-CACIren Europa-Latinoamerika Koprodukzio saria, 20.000 euroko saria proiektu irabazlearen ekoizle nagusiarentzat.
  • Koprodukzioaren Garapenaren Eurimages Saria,20.000 euroko ordainsaria beste Eurimages-en herrialde batekin koproduzitzeko asmoa duen ekoizle nagusiarentzat. Produktore nagusi hau Eurimages-en herrialde kide batean ezarrita egon beharko du.
  • ARTEk Nazioarteko ARTE saria emango du, 6.000 eurokoa, proiektu hautatuetako batentzat.
  • Marché du Film-Festival de Cannes-eko Producers Network sarearekin eta Argentinako Zinemaren eta Ikus Entzunezko Erakundearekin (INCAA) –biak Buenos Airesko Ventana Sur ikus-entzunezkoen merkatuaren antolatzaileak– izenpetutako Forjando Alianzas hitzarmenari esker, Foroan hautatutako proiektuek beren nazioarteko ibilbidea luzatzeko aukera izango dute esandako ekitaldi horietan.

Aukeratutako proiektuak ezagutzeko eta informazio gehiago eskuratzeko sartu 66. Donostia Zinemaldiaren atarian.