Richard Fleischer zinegilea omenduko du Azkuna Zentroko Zinematekak, eta horretarako, bere hamaika film proiektatuko ditu Bilboko Golem Zineman. Zuzendari estatubatuarrari eskainitako zikloa urriaren 10etik abenduaren 13ra bitartean antolatuko dute, eta sarrerak 4,5 euroan  (3,5 euroan AZ txartelarekin) eskuratu ahal izango dira txarteldegian edota zinemaren webgunean. Emanaldiak 17:30etan eta 19:45ean izango dira.

Brooklynen jaio zen 1916an Richard Fleischer, eta genero guztiak jorratu zituelarik 40 film zuzendu zituen: zinema beltza, melodrama, abenturak, biblikoa, zientzia-fikzioa, belikoa, epikoa, historikoa, etab. Psikologia ikasketak utzi eta berehala Yaleko Unibertsitatean interpretazioa ikasi zuen, baina laster ekin zion filmak zuzentzeari. 1942an Flicker Flashbacks animaziozko dokumental eta  film mutu sorta zuzendu zituen RKO ekoiztetxearentzat. Hala, 1946an bere film luzea filmatzea lortu zuen, Child of Divorce. Walt Disneyk kontratatu ostean (20,000 Leagues Under the Sea, 1954), Fox etxean egin zuen bere ibilbide ia osoa.

Bere aita, Max Fleischer, oso ezaguna izan zen animazioaren alorrean. Betty Boop pertsonaia sortu eta Popeyeren animatzailea ere bazen.  2005. urtean, semeak, hari buruzko dokumental bat egin zuen: Out of the Inkwell: Max Fleischer and The Animation Revolution.

Hona Richard Fleischer zuzendari estatubatuarraren omenez proiektatuko dituzten hamaika filmak:

  • Urriaren 10ean: So This Is New York (1947) eta Violent Saturday (1955)
  • Urriaren 24an: Soylent Green (1973) eta The Vikings (1958)
  • Azaroaren 7an: These Thousand Hills (1959) eta Compulsion (1959)
  • Azaroaren 21ean: Fantastic Voyage (1966) eta The Boston Strangler (1970)
  • Azaroaren 28an: 10 Rillington Place (1970) eta The Last Run (1971)
  • Abenduaren 13an: Mandingo (1975)

Informazio gehiago Azkuna Zentroko Zinemateka sailean.