‘Los 4 gigantes’ dokumentala zuzendu du Arantza Ibarra ondarrutarrak

Arantza Ibarra zinegile ondarrutarrak Los 4 gigantes dokumental laburra zuzendu du Vianako (Nafarroa) erraldoien eta buruhandien konpartsaren mandatuz. 23 minutu irauten dituen lanean, Kaiet Bengoetxea marrazkilari eta herrikideak ere parte hartu du, izan ere, egileak berak azaldu du erraldoien istorioa erakusteko egokia iruditu zitzaiola dokumentala marrazkiz ere janztea.

Ondarrutarraren laburrak Cesar Borgia,Carlota de AlbretSancho VII. Azkarra eta Constanza de Tolosa pertsonaia historikoen erraldoien sortze prozesua jasotzen du. Horrez gain, “konpartsako lau kideren, Telarañas historiazalearen, erraldoiak egiten aritu diren Aitor Calleja artisauaren eta bere laguntzailearen testigantzak ere”, azaltzen dira.

Maiatzean filmatu zuen Arantza Ibarra zuzendariak Los 4 gigantes lana eta uztailean Vianan bertan aurrestreinaldia egin zuten, erraldoiak herritarren artean aurkeztu ziren egun berean. Orain, dokumentala zinema jaialdietan aurkezteko intentzioa dauka ondarrutarrak, Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdian batez ere.