Kritika: ‘The Incredibles 2’

Zuzendaria: Brad Bird

Urtea: 2018

Herrialdea: AEB

 

–Sinestezinak sinesgarri bihurtzen ari dira–

Pixar animazio ekoiztetxeari buruz hitz egiteak bere sorkuntza, originaltasuna eta eraikitzen duen amets mundua aipatzea ekarri ohi du. Hori bai, erabiltzen dituen diru kopuruari eta enpresa berari begiratzen badiogu, fantasiara, hegaka ihesi zihoan ameslaria eguzkiak liluratutako Ikaro bezala itsasora jausi daiteke bat-batean. Datu objektibo batzuk: Pixarek konputagailuz sortutako lehen film luzeak, Toy Story (John Lasseter, 1995), 30 milioi dolarreko aurrekontua  izan zuen eta diru bilketa munduan zehar 360 milioikoa izan zen (aurrekontua 12 aldiz biderkatuz!).

Gaur iruzkintzen dugun filmak, The Indredibles 2, 200 milio dolarreko aurrekontua oinarri izanda, jada 1000 milioi dolar egin ditu. Eta oraindik bildutako diru-kopurua handiagoa izan daiteke, zinema-estudioaren marka guztiak hautsiz (oraingoz Toy Story 3 (Lee Unkrich, 2010) filmak du, 1066 milioi dolar bilduta).

Itzul gaitezen ordea zinemara, arte liluragarri eta zoragarri honen industria-alderdia bazterrean utzi, eta har ditzagun berriz Dedalok prestaturiko hegoak. Hori baita zinemaz erakartzen nauen ataletako bat, mundu ezezagunak ezagutzeko aukera eta zergatik ez, ihesbide bat, fantasiazko eta irudimenezko unibertso berrietan murgiltzeko. The Incredibles 2 animaziozko akziodun komedia da, eta akzioz beteriko eszenak eragiten ditu horrek askotan, ikuslea liluratuz pertsonaia desberdinen botereekin. Brad Bird zuzendariak orain dela 14 urte sortutako Parr familiaren pertsonaiak berreskuratzen ditu (Mr. Incredible aita, Elastigirl ama, Violet eta Dash), baina benetan jokoa emango duena Jack-Jack txikia da, kontrolik gabeko botereak baititu eta horrek eszena barregarri anitz sorraraziko baititu.

Istorioak badu gaurkotasun ‘pittin’ bat, emakumearen ahalduntze aldarrikapena Elastigirl pertsonaian dago, ama izateaz gain superheroi gisa jokatu baitezake misioak berak bakarrik ebatziz, eta horrela Mr. Incredible aitarekin rolak aldatuko ditu une batez, nahiz eta azken honek haurren zaintzan zenbait arazo topatuko dituen. Nerabeen kezkak beste behin Violeten pertsonaiak biltzen ditu, eta bere gorabeherek Inside Out (Pete Docter, Ronnie del Carmen, 2015) filman zeuden emozioek bideratuak dirudite. Jostalariaren rola Dash azkarrak jokatzen du berriz, eta familia laguntzen duen lagunarena Frozonek, jatorrizko bertsioan Samuel L. Jacksonen ahotsa (eta tankera) izanik. Superheroien filma batean ezinbestekoa da gaizkilea, eta hemen ere ustekabeko bat (edo ez?) aurkituko dugu, baina lasai, ez naiz zapuztaile horietakoa eta ez dut zein den esango.

Argi dago The Incredibles 2 jatorrizko 2004ko The Incredibles filmaren jarraipen bat dela, bai argumentuan (X-Men frankiziaren eraginpean, batez ere superheroien arbuioa), bai erabiltzen duen 50eko eta 60ko diseinuzko estetikan. Eta are argiago Pixar estudioak azken urteotan urrezko arrautzak erruten dituen oiloari zukua atera nahiean dabilela. Jarraipena izan duten ekoiztetxearen gainontzeko lanei erreparatzea besterik ez dago: Toy Story (hiru orain arte, eta laugarrena 2019rako); Cars (beste hiru); Monsters Inc. (bi); Finding Nemo (Doryrekin bi). Honen aurrean, agertzen hasi dira Pixar estudioaren urrezko aroa agortua dagoela dioten igarleak. Teknikoki sekulako mailan jarraitzen dute, hori ezin ukatu, baina istorioak eta pertsonaiak sortzeko orduan norabide aldaketatxo bat ez litzateke txarra izango. Esan daiteke sortutako istorioetan balore tradizionalen eragin gero eta handiago nabarmentzen dela (Disneyren eragina ote?), eta nahiz eta filma bikainak burutu, ez dugula arrisku handiegirik aurkitzen.

Eta bukatzeko, azken gomendiotxoa, betiko moduan The Incredibles 2 filma hasi aurretik animaziozko film labur eder, hunkigarri eta gastronomikoa ikusi baitezakegu, Bao. Pixarek film luzearen aurretik aurkezten duen laburra lehen aldiz emakume batek (Domee Shi) zuzendutakoa da. Ea berritasun gehiagorekin datozen hurrengoak.