CIMA MENTORING V programan izena emateko epea zabalik dago

Emakume Zinegileen eta Ikus-entzunezko Baliabideen Elkarteak (CIMA) zuzendari, gidoigile eta ekoizleentzako CIMA MENTORING programaren V. edizioa jarri du martxan. Irailaren 3a bitartean, fikziozko edo animaziozko film luzeak zein dokumentalak, eta telebista-saioak aurkeztu ahal izango dituzte Estatu espainiarreko emakume sortzaileek.

Ikus-entzunezko proiektuak  garatzeko eta finantzatzeko emakumeek dituzten arazo eta zailtasunak ikusirik, CIMAk telebistarako zein zinemarako idatzitako eta zuzendutako emakumezkoen lanak bultzatu nahi ditu CIMA MENTORING ekimenaren bidez. Hala, urtero bost proiektu aukeratzen ditu sortzaileei, besteak beste, orientazioa eta aholkularitza eskainiz.

Deialdia ez dago ikasleei zuzenduta, sektoreko profesionalei baizik (gutxienez ikus-entzunezko lan bat idatzita, zuzenduta edo ekoiztuta dutenei). Proiektuak aurkezteko izen-emate orria eta gainontzeko dokumentazioa PDF formatuan bidali beharko dituzte interesatuek 5CimaMentoring@gmail.com helbide elektronikora irailaren 3a baino lehen. Hautatutako lanen zerrenda elkartearen webgunean argitaratuko dute.

Informazio gehiagorako sartu Emakume Zinegileen eta Ikus-entzunezko Baliabideen Elkartearen (CIMA) atarian.