Sukaldaritza eta gastronomia ardatz dituzten lau film eskainiko dituzte Artiumen abuztuan zehar. Gasteizko Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak eta Cube jatetxeak elkarlanean antolatuta, zinema eta nazioarteko sukaldaritza uztartuko dituzte, ostegunero (Andra Mari Zuriaren astean izan ezik), Arte, Zinema eta Gastronomia 2018 zikloaren baitan. Esperientzia artistiko-gastronomikoan parte hartzeko sarrerak 7,50 euro balio ditu, Artium Museoaren adiskideek 5 euro ordaindu ahal izango dituzte.
Emanaldiak jatorrizko bertsioan egingo dituzte, gaztelaniazko azpitituluekin. Aurretik, bertaratzen diren guztiek, eskainiko duten filmarekin lotura duen eta zentroan erakusgai dauden artelanetara bisita gidatuan parte hartu ahal izango dute. Ostean, aldiz, filmaren traman edo sukaldaritza-estiloan inspiratutako jakiak dastatu ahal izango dituzte.
Iragan abuztuaren 2an The Apartment (Billy Wilder, 1960) filmak eman zion hasiera zikoaren bosgarren edizioari, eta proiekzioaren aurretik El empleado eta Parásito artelanak bisitatu zituzten. Dastaketarako, berriz, Cube jatetxeak Dry Martini bat eta gaztadun gailetatxo batzuk eskaini zituen.
Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiak direla eta, aste honetan ez da emanaldirik egongo eta hurrengo ostegunera arte itxaron beharko dute interesatuek. Izan ere, abuztuaren 16an, Stanley Tucci eta Campbell Scott zuzendarien Big Night (1996) eskainiko dute, aurretik, Rogelio López Cuencaren Welcome to Paradise eta María Riboten Despliegue obrak bisitatuko dituzte, ostean, ganba-risottoa dastatu ahalko dute Cube jatetxean.
Abuztuaren 23an, aldiz, In The Mood For Love (Wong Kar-Wai, 2000) film txinatarra izango da bertaratutakoek ikusteko aukera izango duten filma. Bisitatuko dituzten bi artelanak, kasu honetan, Montserrat Sotoren Vídeo viento eta Francisco Ruiz de Infanteren Todavía esperando (errores de escala) izango dira. Jatetxeak, bestalde, txekor haragi eta barazkitxoen wok bat eskainiko du oraingo honetan dastaketarako.
Azkenik, bosgarren ekitaldiari bukaera emateko, 18 comidas (Jorge Coira, 2010) filma eskainiko dute abuztuaren 30ean. Pelikularen aurretik, Eulalia Valldoseraren Habitación eta Miquel Barcelóren Le peintre avec pinceau bleu bisitatuko dituzte. Cubek vichyssoise bat eskainiko du dastaketarako.
Arte, Zinema eta Gastronomia 2018 zikloan parte hartzeko sarrerak Artium zentroaren leihatilan bertan zein museoaren webgunean daude eskuragarri. Proiekzioak 20:00etan hasiko dira baina bisita gidatuetara gerturatu nahi dutenek 19:30ean egon beharko dute bertan.
Informazio gehiagorako jo artium.org atarira.