Ziren (2017) film laburrak lortutako arrakastaren ostean (besteak beste, Euskarazko film laburrik onenaren saria Caostika jaialdian eta Euskal film labur onenarena Bilboko FANT Zinemaldi Fantastikoan) Aitzol Saratxaga zine zuzendari gazteak bere bigarren ekoizpena prest du jada: Basoan (2018). Lanaren estreinaldia oraindik zehaztu gabe badago ere, zuzendariak adierazi du filma espainiar estatuko zine jaialdietan mugitzen hasi berri direla.

Bere lehen lana arimaren existentziari buruzko gogoetan murgildu bazen, oraingoan, bilbotarrak “pertsona orok barruan duen izaki horren inguruan” hitz egingo du beldurrezko labur honetan. Zirenek, unibertsitatetik irtendako proiektu bat izanik, epe motzean finantzazioa lortzeko crowdfunding kanpaina bati esker lortu zuen aurrera egitea. Basoan, aldiz, Filmo Luegoedito eta Platanobolígrafo etxeen arteko ekoizpen bat da, eta Araka ekoiztetxe gaztearen, Irusoin enpresaren eta ECPV-EHZE zine eskolaren laguntza izan du.

Euskal Herrian antolatutako film laburren zinema jaialdi gehienetan egon da, 2017az geroztik, Aitzol Saratxaga sortzaile gaztearen Ziren laburra ikusteko aukera, gainera, uda honetan,  herri zein auzoetan antolatu dizuten emanaldietan ere parte hartu du. Hala, jasotako  lau sariek bere lanaren ikusgarritasuna handitu dute, eta zuzendariari autokonfiantza nabarmenagoa emateaz gain, Basoan bezalako proiektuetarako berme ekonomikoa ere ekarri dute.

Hona Basoan film laburraren trailerra: