Kirola eta zinema uztartzeko asmoz, Donostiako Tabakalerak Uda olinpikoa zikloa antolatu du Ariketak: la segunda respiración programaren barruan. Uztailean hiru film eskaini zituzten eta orain, abuztuan, ariketa fisikoa eta kirola ardatz tematiko dituen beste bost pelikula ikusteko aukera egongo da ostiralero, doan, egoitzan bertan, 22:00etatik aurrera. Hilabeteari hasiera eta bukaera euskal film banak emango diote: Jon Garañoren Perurena eta Olatz Gonzalez Abrisketa eta Jørgen Lethen Pelota II filmek, alegia.
Tabakalerak 2018-2019 biurtekorako proposatu duen programa da Ariketak: la segunda respiración eta zinema emanaldiez gain, hitzaldiek, mintegiek, erakusketek eta musika zikloek osatuko dute egitasmoa. Hala, proiektuak ariketa kontzeptua hartuko du abiapuntu, esanahi zehatzenean: “gauzatuko dituenarentzat hobetzeko helburua duten prozeduren multzoa”. Hala, helburua datozen bi urteetan ariketa kontzeptuari buruz hainbat ikuspuntu, ahots eta diziplina barne hartuko dituen gogoeta-prozesu bat irekitzea da.
Abuztuko ostiraletan, 22:00etatik aurrera, proiektatuko dituzten filmen zerrenda:
- Hilaren 3an, Perurena (Jon Garaño, 2010)
- Hilaren 10ean , Palombella rosa (Nanni Moretti, 1989)
- Hilaren 17an, The Endless Summer (Bruce Brown, 1966)
- Hilaren 24an, When We Were Kings (Leon Gast, 1996)
- Hilaren 31n, Pelota II (Olatz Gonzalez Abrisketa eta Jørgen Leth, 2015)
Informazio gehiago Tabakaleraren webgunean.