Belodromoan aurkeztuko dituzten lanak ezagutarazi ditu Donostia Zinemaldiak

Donostia Zinemaldiak 66. edizio honetan Antonio Elorza belodromoan aurkeztuko dituen ekoizpenak zeintzuk izango diren argitu berri du: Arde Madrid, Dilili à Paris, Ni distintos ni diferentes: campeones eta Smallfoot. 3.000 eserleku baino gehiago dituen zinema-aretoan, beste behin, estreinaldi garrantzitsuak hartuko ditu 400 m2-ko pantaila erraldoiak.

Hasteko, Arde Madrid Paco Leónek eta Anna R. Costak sortutako telesaila oso-osorik eskainiko dute. 1961eko benetako gertaera batean oinarrituta dago, Ava Gardner aktorea Madrilen Juan Domingo Perónen bizilaguna izan zenekoan, hain zuzen ere. Istorioa Gardnerren etxeko langileen ikuspuntutik kontatuta egongo da, eta komediaren zein thrillerraren artean mugituko da. Paco León zuzendaria aktore lanetan ere arituko da Inma Cuesta, Debi Mazar, Anna Castillo eta Julián Villagránekin batera.

Bestalde, Michel Ocelotek (Villefranche-sur-Mer, Frantzia, 1943) Dilili à Paris lana aurkeztuko du. Kiriku pertsonaia (Kiriku eta sorgina, 1998) sortu zuenetik 20 urte pasa eta gero, zuzendari frantziarrak Kaledonia Berritik etorritako neskato batek Parisen (belle époque garaian) gertatzen ari diren neska gazteen bahiketak ikertuko ditu.

Horrez gain, bi emanaldiko saio bat prestatu dute antolatzaileek. Bertan, aurtengo film arrakastatsuena, Javier Fesse zinegilearen Campeones (2018), eta berari buruzko Ni distintos ni diferentes: campeones (Álvaro Longoria) dokumentala proiektatuko dituzte.

Azkenik, Smallfoot animaziozko filma emango dute, adin guztietako publikoari zuzendutakoa. Karey Kirkpatrickek zuzendariak yetiaren mitoa alderantzikatuko du filmean. Filmaren jatorrizko bertsioari honako aktoreek jarri diete ahotsa protagonistei: Channing Tatum, James Corden, Zendaya, Common, LeBron James, Danny DeVito, Gina Rodriguez, Yara Shahidi, Ely Henry eta Jimmy Tatro.

Informazio gehiago Donostia Zinemaldiko webgunean.