Gaur bukatuko dute Zineleku programaren hirugarren ekitaldia

Zineleku 2018 programak gaur emango dio bukaera aurtengo egitarauari, eta ospatzeko,  hirugarren edizio honetan parte hartu duten ikasleek egindako film laburrak proiektatuko dituzte. Aurretik, 2013an Javier Polo zuzendariak egindako Europa en 8 bits dokumentala emango dute, 22:00etan, Gasteizko Falerina Lorategian. Ostean, aldiz, amaiera festa bat antolatuko dute.

Agur esateko ordua iritsi zaio Zineleku programari, izan ere, uztailaren 23tik Euskal Herriko zine zaleentzako antolatu dituzten egonaldiak bukatzear daude. Bertan parte hartu duten 18 eta 30 urte bitarteko ikasleek hitzaldiez, proiekzioez, lantegiez, kontzertuez,… gozatzeko aukera izan dute hirugarren urtez jarraian. Hala, azken eguna iritsi da eta gaur, amaiera gisa, Dock of the Bay jaialdiarekin batera aurkeztutako Europa en 8 bits, agertoki musikala berritzeko asmoarekin modu kreatibo batean berrerabiltzen diren teknologia zaharkituen inguruko dokumentala, ikusteko aukera izango dute gazteek Falerina Lorategian. Jarraian, 2018ko ekitaldi honetan parte hartu duten ikasleen film laburrak proiektatuko dituzte, eta ondoren festa giroan agurtuko dute egitasmoa.

Informazio gehiagorako kontsultatu hemen egitarau osoa.