Kritika: ‘Place Publique”

Zuzendaria: Agnès Jaoui
Urtea: 2018
Herrialdea: Frantzia

–Gordiar korapiloa desegin nahian–

60 bat urteko gizon bat eskopeta daramala iluntasunetik argira agertzen da, itxura eta ibilera mehatxatzaileekin. Aldi berean beste gazteago bat aparkatuta dagoen auto baten atzerako ispiluak hausten ari da. Tentsioak gora egiten du eta bi gizonak gurutzatzerakoan tiro baten eztandak pantaila ilunera eramaten du.

Ez ohiko hasiera honekin badirudi Place publique (gaztelaniazko izenburua zentzugabeko ateraldia dirudi -Llenos de vida-), Agnès Jaoui zuzendari frantsesaren bostgarren filma, bere aurreko filmekin alderatuz desberdina izango dela. Ezin urrutiago, egia esan, Jaoui-Bacriren gidoi baten aurrean baikaude eta bere istorioen egitura beti beretsua izaten ohi da. Nolanahi ere, komedia frantsesa da Place publique, denbora-espazio-ekintza unitate aristotelikoak jarraituz (Paristik hurbil dagoen château batean emango den inaugurazio festa) jazotzen den film bat, antzerki tankera argiarekin eta etengabe gurutzatzen diren pertsonaia ugarirekin, zeinen artean gainbeheran dabilen telebista saio sentsazionalista bateko aurkezle zinikoa (Jean-Pierre Bacri) nabarmentzen den. Besterik ez badugu gehitzen, orain dela bi hilabete inguru estreinatu eta iazko Donostia Zinemaldian egon zen Le sens de la fête (Olivier Nakache, Éric Toledano) filmaren aurrean gaudela dirudi. Baina desberdintasunak erabiltzen den umorean agertuko lirateke, Nakache-Toledano bikoteen filmek barre-algarak bilatzen eta sortzen baitituzte eta Jaoui-Bacrirenak, berriz, irribarre keinuak bai, baina ezpainak lotuz eta mikaztasun pittin batekin.

Place Publique filman, hala ere, bikoteak proposatutako moduaren agortzea nabaritzen da, eta Jaouiren lehen filmetan eskertzen zen freskotasuna hemen ez da agertzen (gidoilari bezala Alain Resnaisen 1997ko On Connaît la chanson filman esaterako, edo zuzendari bezala bere bi lehen lanetan, Le Goût des autres eta Comme une image, 2000n eta 2004an, hurrenez hurren). Jaouik eta Bacrik gidoia modu dinamikoan eraikitzen dute, eta pertsonaien gurutzatzeak eta korapiloak frantses antzerkiaren tankerakoak izaten jarraitzen dute (Molière gogoan), gai berriei ere aukera eskeiniz, denboraren igarotzearen jabetzea eta bizitza pribatua eta publikoaren arteko lotura aipagarrienak izaki. Baina esan bezala, formula agortua dagoela dirudi, eta beste alderdiren artean klaseen arteko desberdintasuna kritikatzea helburu duen filma batek ezin du ikuslean sortu aspertze sentipen bat.

Nahiz eta hasieran aipatutako ustekabeko hasiera izan, filmak aurrera egin ahala, hori bera gertatu zitzaidan, klixeak bata bestearen atzetik topatu bainituen, eta jadanik ikusia nuen film baten aurrean nengoela iruditu zitzaidan. Ikusiak ditugu bikote eta bikote ohien gorabeherak beste batzutan, baita guraso eta seme-alaben arteko komunikazio tirabiratsuak, gazte eta helduen arteko lotura eza, paristar eta herriko biztanleen arteko alde nabaria,… Ezer berririk, orduan.

Azken ohartxo bat, Agnès Jaouik lauzpabost urtero filma bat zuzentzeko ohitura baitu. Bere lehen hiru filmek Frantzian arrakasta izan zuten (milioi bat ikusle baino gehiago eta sari asko lortuz hirurek, batez ere Le Goût des autres eta Comme une image) eta azkena, Place publique, ez da milioi erdira iritsi. Baina ez da bakarrik publikoaren erantzuna eskasa izan, filma ez da deigarri izan kritikarentzako ere. Ea Jaoui-Bacri tandemak hurrengo bost urtetan berregin dezakeen sortutako formula, eta Jaoui Place publiquerentzako aintzat izan duen La Règle du jeu (Jean Renoir, 1939) maisulanara gerturatu daitekeen. Albiste ezin hobea litzateke.