‘El amor menos pensado’ film argentinarrak emango dio hasiera aurtengo Donostia Zinemaldiari

66. Donostia Zinemaldia irailaren 21etik 29ra ospatuko da eta antolatzaileek jaialdia inauguratuko duen filma zein izango den argitu berri dute: El amor menos pensado, Juan Vera argentinarraren lehen film luzea. Ricardo Darín eta Mercedes Morán izango dira pelikularen protagonistak.

Hilabete t’erdi baino ez da falta eta Donostia Zinemaldia aurtengo 66. edizioa borobilduko duten azken berrikuntzak argitzen hasi da jada. Izan ere, gaur bertan ezagutarazi dute zein filmek emango dion hasiera irailaren 21ean jaialdiari. Juan Vera argentinarraren El amor menos pensado pelikula izango da, eta Urrezko Maskorra eskuratzeko lehiatuko da. Iaz Donostia Saria jaso zuen eta ekoizle gisa ere aritu den Ricardo Darín eta Mercedes Morán izango ditu filmak protagonista.

Pablo Trapero (Elefante blanco eta Carancho) eta Lucrecia Martel (Zama) zuzendarien ekoizle izan eta gero, bere lehen film luzea zuzendu du. Bertan, 25 urte ezkonduta eman ondoren, krisialdiak jo eta banandu egingo den bikote batean gorabeherak kontatuko ditu. Maitasunari, desirari eta denboraren joanari buruzko gogoeta egingo dute bikotekide ohiek.

Informazio gehiago Donostia Zinemaldiaren atarian.