Limako Euskal Etxeak hiru euskal film aurkeztuko ditu hiriko zinema jaialdian

Limako zinema jaialdiaren 22. ekitaldia abuztuaren 3tik 11ra egingo da, eta bertan,  euskal filmak ikusteko aukera egongo da lehen aldiz. Peruko hiriburuko Euskal Etxeak bultzatuta, hiru film proiektatuko dituzte: bi euskal kulturarekin lotura dutenak, eta hirugarrena, Hego Amerikako ekoizpen bat, kolonbiar-venezuelar-argentinarra.

Estreinakoz emango dituzte aurten euskal filmak Limako jaialdian, eta saioak Euskal Etxean bertan izango dira (Malecón de la Reserva etorbideko 297. zenbakian), 19:00etan. Egitaraua osatzeko hautatu dituzten filmak eta datak hauek dira:

  • Abuztuaren 6an: El abrazo de la serpiente (Ciro Guerra, Kolonbia, Venezuela, Argentina, 2015)
  • Abuztuaren 8an: Obaba (Montxo Armendariz, Euskal Herria, 2005)
  • Abuztuaren 10ean: Mi gran noche (Alex de la Iglesia, Euskal Herria, 2015)

Filmen emanaldien ostean solasaldia egongo da, ondoren, bildutakoek bertan afaltzeko aukera izango dute.

Informazio gehiagorako sartu Limako zinema jaialdiaren atarian.