Urtero bezala, filmak eta telesailak online ikusteko Filmin plataformak, Atlantida Film Festival*1 jaialdia egin berri du. Palman egin da ekainaren 25etik uztailaren 1a bitartean, eta Filmin.es plataforma hartu du ondoren, ekainaren 25etik uztailaren 25era arte. Aurtengo edizioak film oso interesgarriak ekarri ditu, eta Siriar errefuxiatuak diren gizonezko batzuen bizitza erakusten digun dokumentala ekarri nahi dut gaur tarte honetara: Mr Gay Siria*2.

Ayse Toprak*2 zuzendari turkiarraren dokumentala da Mr Gay Siria. Emakume honen lana saritua izan da jaialdi desberdinetan, besteak beste, Torinoko LGBT jaialdian (aipamen berezia jaso zuen) eta Sarajevoko jaialdian zein Sevillakoan.

Dokumental honek siriar errefuxiatu batzuen bizitza azaltzen digu. Turkian bizi dira denak, eta Europara joan nahi dute haien bizitza hobetzeko. Hussein da pantailan agertzen den lehena, Istanbulen ile-moztailea da eta bizimodu bikoitza egiten du. Alde batetik, bizitza familiarra eta bestetik bere lagun homosexualekin egiten duena. Bere familian ez dakite Hussein homosexuala denik.

Hussein eta bere lagun homosexualak ia astero elkartu egiten dira beraien arduren inguruan hitz egiteko. Horrelako bilera batean Mahmoudekin egingo dute topo, Berlinen bizi den errefuxiatu siriarra da bera ere, eta LGTBI siriarraren aurpegi ezagunenetakoa. Mahmoudek munduko Mr Gay lehiaketan Siriako lehiakide bat egotea nahi du, eta horretarako Istanbulen Siriako lehen Mr Gay lehiaketa antolatu du. Bi helburu ditu: alde batetik, beraien baldintza sozialak arintzea eta, bestetik, beraien ikusgarritasuna indartzea.

Errefuxiatuen inguruko estereotipo asko hausteko balio du Topraken dokumentalak. Alde batetik, Turkian dauden siriarrak erakusteko balio du, bertan nola bizi diren eta nola ikusten duten Turkiaren azken urteetako aldaketa politikoa. Besteak beste, Turkian LGTB harrotasunaren eguna nolakoa den ikusiko dugu dokumentalean, eta protagonisten ihesa poliziaren jazarpenaren aurrean. Aipatzekoa da ez dela emakumezkorik agertzen, nahiiz eta zuzendaria emakumezkoa izan. Nire ustez, honek argi uzten du egun oraindik emakume lesbianen ikusezintasuna edonon gertatzen dela.

Dokumentalean agertzen diren gizonak oso argi dute Sirian hilda egongo liratekeela, batez ere Estatu Islamiarrak bere gain hartutako zonaldean biziko balira. Horretarako ere balio du dokumentalak, Europearrak kontuan har dezagun Estatu Islamiarraren lehen biktimak siriarrak direla eta horregatik ihes egiten dutela bertatik. Zoritxarrez errefuxiatuen krisialdia larritu egiten da Europar kostalde eta mugetara iristen direnean, baina asko ez gara arduratzen beraien herrialdean bizi duten egunerokoaz. Ezinbestekoa den dokumental bat dela uste dut eta oraindik Filminen ikusgai dago, naiz eta Atlantida jaialadia amaitu den.

*1 https://www.filmin.es/atlantida2018
*2 https://www.filmin.es/pelicula/mr-gay-siria
*3 https://www.filmin.es/directora/ayse-toprak