2019ko nazioarteko egonaldi artistikoen ebazpenaren berri eman du Tabakalerak, hala, aurkeztutako 539 proiektuetatik, iaz baino 39 gehiago, sei proposamen aukeratu dituzte: hiru proiektu artistiko eta elkarlanean garatutako proiektu, ikerketa artistiko proiektu zein ikus-entzunezko proiektu bana.
Deialdiaren helburua zentroko sortzaileen gunetik sustatzen den artista edota kultur eragileen profesionalizazioa da, eta epaimahaia Manuel Villak zein Tabakalerako kideek (proiektu artistikoen modalitatean) eta Leire Vergarak zein Marla Palaciosek (gainerako modalitateetan) osatu dute.
Proiektu artistikoak garatzeko hautatuko hiru proposamenetatik bakarra da Euskal Autonomia Erkidegoan bizi den artista batena (Claudia Lorenzo donostiarra), gainerako biak EAEtik kanpoko sortzaileenak dira (Maja Hodoscek esloveniarra eta Eszter Katalin austriarra). Lorenzok “Haikua” hartuko du oinarritzat Mi casa envuelta proiektuan. Hodoscek artista bisuala izateaz gain pedagogoa eta ikertzailea ere bada. Hala, bere We know more than we can tell lanak irakasleen pedagogia-oharrak eta bigarren hezkuntzako zentroetan egindako inkestak batuko ditu. Bestalde, Katalin austriarrak testuinguru queer-feministako “zaintza” terminoaren inguruko ikus-entzunezkoa burutuko du I hold you, and you hold izeneko proiektuan.
Elkarlanean garatutako proiektu artistikoak EAEko artista edo kultur eragile bat eta erkidego kanpoko beste bat batu ditu beste behin. Hautatuak Bilbon bizi den Sahatsa Jauregi eta Palma de Mallorcako Juliá Panadés izan dira. Epaimahaiak bi artisten sortze-ahalmen handia eta lotura estua azpimarratu du.
Ikerketa artistiko proiektua Emilio Moreno holandarrak garatuko du, izan ere, bere Beyond emotional capital: towards alternative notions of the self and its emotions proposamenak azpiegitura alternatiboak eta narratiboak proposatuko eta ikertuko ditu. Egonaldian zehar, sortzaileari Tabakalerako egitarauan txertatuko den jarduera-programa proposatzeko aukera emango zaio.
Azkenik, Libanon, Frantzian eta Alemanian zehar filmatutako Philip Widmann artistaren Roads to ruin lana aukeratu dute ikus-entzunezko proiektuaren garapenerako.
Informazio gehiagorako jo Tabakaleraren webgunera.