Kritika: ‘Happy End’

Zuzendaria: Michael Haneke
Urtea: 2017
Herrialdea: Frantzia-Austria

–Izenburu ironikoa, ezta, Herr Haneke?–

Gaur egun zineman “Michael Haneke” esateak ikuslea arreta handiz eta erne jartzea ekartzen ohi du. Bere izena jada marka komertzial baten antzekoa dela esan genezake, edo hizkuntza finduz, egile bat dela. Zineman (eta hedapenez artean) egileaz edo autoreaz hitzegiten ohi denean kontuz ibili behar gara, aurrenik, zinema arte kolektibo bat delako, eta bigarrenez, egile baten ezaugarriak atzemateak ez duelako lan bat hobetzen.

Horixe gertatu zitzaidan Happy End, Hanekeren azken filma, iazko Donostia Zinemaldian ikusi nuenean (Perlak sailara askotan ekartzen ohi dira austriarraren lanak) eta orain, zinema aretoetan estreinatu denean berriz ikusterakoan. Bere zinemaren konstanteak argi azaltzen dira: hasiera bitxia, biolentzia agertzea modu zuzen eta ezustekoan, haur gupidagabea, familiaren kritika gordina, burgesiaren biluztea, gizartearen hipokrisia (etorkinekin batez ere), estetikoki plano sekuentziaren eta isiltasunaren erabilpena, urrutiko begirada… Hauek guztiek Hanekeren film baten aurrean gaudela erakusten digute, baina hala ere, ez nau beste batzuetan bezala astindu. Gogoratzen dut nola lehen aldiz Funny Games (1997) ikusterakoan, ez nuela oso ondo ulertzen zer demontre ikusi berri nuen. Edo Code inconnu (2000), La pianiste (2001) edo Caché (2005) filmek emandako jipoi morala. Eta berriki Amour (2012) filmak utzi zizkidan larritasun eta tristura. Sentipen eta atsekabe horiek ez dira hain argi agertu Happy End ikusi dudanean, eta bai ironiak sorrarazten ohi duena, barrea. Baina ez algaraz egindakoa, ez baikaude komedia baten aurrean; alegia, irri maltzur bat sorrarazten duena. Hau indartzeko, Isabelle Hupperten, Jean-Louis Trintignanten eta Mathieu Kassovitzen antzezpenek, Fantine Harduin neskatoarenarekin batera, une tragikomikoak lortzen dituzte (filmaren bukaera “alaia”, esaterako). Hanekek sortutako fikzio motaren engranajea guztiz menperatzen du, demiurgo edo txotxongilolari bat bezala, baina ikusleengan sortzen zituen emozioak urrun geratu dira. Berez, Cannesen filma aurkeztu zenean, askok klixez betetako lana zela leporatu zioten zuzendariari, nolabait Happy End Hanekeren kopia hutsal bat zela zirudielako.

Ez nago ni azken hauen artean, baina ez zait iruditzen Hanekek bere azken lanarekin ikuslearengan lortzen ohi zuen egonezina sortu duenik. Egile edo autore bezala deskribatzen ditugun zinemagileek ez dute beti asmatzen, eta horrekin geratzen gara oraingoan, Michael Haneke zer egiteko gai den badakigulako. Askotan esan ohi den bezala, zuhaitzek (sariek, Hanekeren kasuan) ez digute basoa ikusten uzten.

Dena den, badirudi zuzendari austriarra film luzeak egiteaz nekatu dela eta bere hitzetan “telebistarako 10 filma eta (zinemarako) 12 film luze egin ostean, behingoz istorio luzeago bat kontatu nahi dut”. Istorio luzeago hau Kelvin’s Book izenarekin iragarri da komunikabideetan eta 10 ataletan banatutako telesail distopiko bat izango da. Bukaera zoriontsu (happy end) baten ostean, etorkizun ilun bat ekartzen digu Hanekek. Ez al da bihurria gizona?