VI. Sebastiane Saria banatuko du aurten ere GEHITUk, Euskal Herriko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen elkarteak, 66. Donostia Zinemaldiaren markoan. Saria eskuratzeko lehian arituko diren filmen berri eman dute gaur antolatzaileek.

LGTBI kolektiboaren errealitatea, askatasun zein mugak, eta aurrerabide sozialak hoberen islatzen dituen Zinemaldiko film latinoamerikar onena saritzen du GEHITU-k urtero. Hala, kolektiboaren ikusgarritasun eta eskubideak aldarrikatu ez ezik, ekoizpen Hego Amerikarrak bultzatzea ere du xedetzat. Saria banatzearekin batera, Iberoamerikako LGBTI zinema jaialdien 4. topaketa ere egingo dute Donostian.

Film hautagaiei dagokienez, landa eremuan jazotako kontakizunak dira gehienak. Egun oraindik atzerakoia izan ohi den lurralde horietan bizi diren LGTBI pertsonen istorioak dira, sexualki esplizitu izatearen beldurrik gabe sorturikoak. Ondorengoak dira:

MARILYN. Martin Rodriguez Redondo (2014, Argentina – Txile)

Nekazari lanetan diharduen 17 urteko gaztea da Marcos. Bere sexualitatearekin topo egin berri du, baina testuinguru zaila tokatu zaio hura bizitzeko. Nahia eta diskriminazioa nahasten dituen objektua bilakatuko dute herrian, geroz eta estuago.

MI MEJOR AMIGO. Martin Deus (2018, Argentina)

Gurasoekin Patagoniako hiri txiki batean bizi den nerabea da Lorenzo protagonista. Egun batetik bestera, Coaito jasoko dute etxean, haien zaintzapean denboraldi bat igarotzera etorri den gaztea. Lotsatia da Coaito, eta ez du apenas hitz egiten.

LAS HEREDERAS. Marcelo Martinesi (2018, Paraguay)

Haien familiak utzitako oinordetzatik diru ugari jaso ostean, erosotasunez bizi diren bi emakume dira protagonistak. 60 urte bete dituztenean, ordea, diruak ez du gehiagorako emango, eta errotik aldatu egingo da haien egoera.

LAS HIJAS DEL FUEGO. Albertina Carri (2018, Argentina)

Munduaren amaieran egingo dute topo hiru emakumek, eta elkarrekin ekingo diote etxerako bideari. Polimaitasunezko bidaia izango da, norberaren erotikaren bilaketa.

RETABLO. Alvaro Delgado Aparicio (2017, Peru)

Aitak ekindako bideari jarraitu, eta eskulangintzan trebatu nahi du Segundu protagonistak. Andeetan emango den ospakizun batean, bere munduaren mugak hautsiko dituen egoera batean aurkituko du aita, eta isilik egin beharko dio aurre horrek eragindako suminari.