Nazioarteko banaketa eta marketinerako ezagutzan sakondu nahi duten profesionalak trebatzeko saioak antolatu dituzte Europa Creativa Desk MEDIA Euskadi bulegoak eta Zineuskadi Elkarteak EAVErekin lankidetzan. Urriaren 30ean eta 31n izango dira, eta abuztuaren 24ra arte luzatuko da parte hartu nahi duten proiektuentzako deialdia.
Ekoizleei zuzendutako trebakuntza-programarik nagusiena da EAVE Europan, 2.000 profesional baino gehiago biltzen dituen sare erraldoia osatuz. Azken urteetan, Europako ekoizpen independenteak indartzera, eta horien iraunkortasuna zein lehiakortasuna hobetzera bideratu dute jarduna, eta ekoizlearen sortzeko gaitasuna, eta trebakuntza administratibo-finantzarioa landu dituzte horretarako.
EAVEren nazioarteko esperientzia eta euskal ikus-entzunezko industriaren neurrira eginiko ezagutza eta ariketa praktikoak nahastuko ditu urriaren amaieran Bilboko Azkuna Zentroak jasoko duen lantegiak. Partaideek nazioarteko salmenta eta banaketa sistema, marketin arloko estrategia berritzaileak, sustapen arlokoak eta audientzia eraikitzeko estrategiak ezagutu eta lantzea izango du helburu, eta bi saio desberdinetan banatuko da:
- Urriaren 30an hitzaldi ireki baten forma hartuko du. Raquel Cabrera eta Alvaro Vega profesionalek kontzeptu eta estrategien azalpen orokorra egingo dute, eta lan egiteko modu zein estrategia desberdinak ezagutzeko aukera izango dute bertaratuek.
- Urriaren 31an, ordea, lanketa praktikoago bat bideratuko dute, aldez aurretik hautatutako proiektu batzuekin.
Deialdia, beraz, bikoitza da, eta bi data desberdin berezitu dituzte izen emate deialdira erantzuteko. Alde batetik, abuztuaren 24a da lantegi praktikoetara aurkeztu nahi diren proiektuen dokumentazioa aurkezteko epemuga. Hitzaldira bertaratzeko deialdia, bestetik, zertxobait luzeagoa izango da: urriaren 15era artekoa, hain zuzen.