Zabaldu dute ‘Cortada 2018’ jaialdian lanak aurkezteko epea

Abendura begira jarri gaitu Gasteizko Coartada 2018 jaialdiaren lehen xehetasunen aurkezpenak. Abenduaren 12tik 15era ospatuko da aurtengoan, eta irailaren 10a bitartean luzatuko da lanak aurkezteko epea.

EHUko Arabako Canpusak bultzatu, eta unibertsitatearen espazioa bera hartzen duen Gasteizko Film Laburren Jaialdia da Coartada, eta 22.edizioa ospatuko du aurten. Oinarrien zerrenda osatua aurkeztu dute antolatzaileek, eskuartean lan interesgarririk duen orok bete beharrekoak.

2017 eta 2018 bitartean ekoitzitako lanak aurkeztu ahalko dira soilik, gehienez  30 minutukoak, eta ez dituzte bi lan baino gehiago jasoko egile bakoitzeko. Atal Ofiziala egongo da, epaimahaikideek hautaturiko  fikziozko zein animaziozko lanez eta dokumentalez osatutakoa, eta eskaintza osatuko duten beste hainbat azpiatal ere bai: EHULABUR eta UNILABUR ikasleentzat; GUREAK saila Euskal Herriko film laburrentzat; HEMENGOAK, Arabako lurraldean ekoiztu eta errealizatutako lanei zuzendutakoa…

Sariei dagokienez, film laburrik onenak 2.000 euro eta garaikurra hartuko ditu, eta Gureak sariko euskal film laburrik onenak 1.000 euro eta garaikurra. Beste sari guztiak (dozena bat baino gehiago) 500 euroren bueltan daude.

Izen ematea doakoa da, eta bi modutara egin daiteke:

1. Filmak ikusteko FESTHOME plataformaren bidez. Beharrezkoa da plataformek ematen duten informazioan honako datu hauek agertzea: zer ataletan parte hartzen duen; nazionalitatea edo bizilekua ziurtatzen duten agiriak; unibertsitate edo zinema-eskola bateko ikaslea dela egiaztatzen duten agiriak, hala badagokio; eta film laburraren oinarrizko fitxa bat (izenburua, zuzendaria, iraupena, helbide elektronikoa eta argazki bat).

2. Vimeo edo Youtube-rako esteka bidez festivalcoartada@gmail.com helbidera bidalita. Estekarekin batera, bideoa ikusi ahal izateko pasahitza adierazi beharko da, eta honako beste datu hauek: zer ataletan parte hartzen duen; nazionalitatea edo bizilekua ziurtatzen duten agiriak; unibertsitate edo zinema-eskola bateko ikaslea dela egiaztatzen duten agiriak, hala badagokio; eta film laburraren oinarrizko fitxa bat (izenburua, zuzendaria, iraupena, helbide elektronikoa eta argazki bat).