Kritika: ‘Mary Shelley’

Zuzendaria: Haifaa Al-Mansour

Urtea: 2017

Herrialdea: AEB-Erresuma Batua-Luxemburgo-Irlanda

 

It was on a dreary night of November…

1816. urtea “udarik gabeko urtea” bezala ezagutzen da, munduan ez ohiko klima aldaketa bortitzak gertatu baitziren urtaro hartan eta horrek ondorio lazgarriak ekarri baitzituen, batez ere uztetan. Aparteko egoera hau gertatu zenean, Leman aintzira ondoan kokatutako Villa Diodati etxean literatura erromantiko ingelesaren ordezkari ziren idazle batzuk bilduta zeuden, udara bitxi hura pasatzeko. Egun euritsuengatik aspertuta, Lord Byron, Percy B. Shelley, John Polidori eta Mary Shelley mamu istorioak asmatzen hasi ziren, lehiaketa modura. Lerootatik jaio ziren garaiko beldurren isla bihurtuko ziren bi munstruoak, banpiroa eta Frankensteinen sorkaria, lehena Polidorik idatzia, eta bigarrena, Mary Shelleyk. Aparteko egoera hau askotan mitifikatu izan da, batez ere erromantizismoaren ezaugarriak dituelako, hala nola misterioa, iluntasuna, naturaren indar kontrolaezina, idazleen inspirazioa eta pasioa. Eta guztiz mito bihurtzeko, zinemak ere bi munstroak ukitu behar izan zituen, Dracula eta Frankenstein XX. mendeko izakirik beldurgarrienak bihurtuz.

Dena den, Haifaa Al-Mansour zuzendari saudiarraren fikziozko bigarren film luzea ez da beldurrezko lan bat, Mary Shelleyren bizitzari egindako lehenengo hurbilketa baizik. Hori bai, Frankenstein eleberriaren itzala erraldoia da eta filmaren une bizienak Shelleyk sortutako liburu eta izakiaren inguruan daude. Egia esateko, zientzia fikzioaren ateak ireki zituen idazlanak hainbesteko arrakasta eta eragina izan duenez, zineman egilea agertu den bakoitzean Villa Diodatiko udara bitxiak eta idazlearen sorkuntzak (eta sorkariak) erabat baldintzatu ditu filmak. The Bride of Frankenstein (James Whale, 1935), Gothic (Ken Russell, 1986), Remando al viento (Gonzalo Suárez, 1988), Haunted Summer (Ivan Passer, 1988), Frankenstein Unbound (Roger Corman, 1990) izan dira orain arte gaiaren inguruan egindako lanak. Al-Mansourren sinatutako Mary Shelley azkenak idazlearen bizitza azaltzen digu, batez ere bere guraso ospetsuen eragina (William Godwin eta Mary Wollstonecraft filosofo eta idazleak) eta Percy Shelley poetarekin izandako harreman gorabeheratsua. Filmaren egikera polita eta preziosista da, XIX. mendeko giroa eta zehaztasunak zainduz (ikusten ditugun liburuak Shelleyk irakurtzen zituenak dira, amaren hilobia, Fusiliren “Amesgaiztoa” margolana,…), argi-ilunak arreta handiz sortuz eta musika xarmagarri batek dena estaliz (gehiegizkoa askotan). Aktoreen lana ere fina da, baina batez ere Elle Fanning gaztearena aipatu beharra dago, Mary Shelleyren rola oso modu sinesgarrian eraikitzen baitu, bere irudi hauskor eta prerrafaelitarekin.

“The Nightmare” (1781). Johann Heinrich Füssliren artelana.

Erromantikoak pantaila handian jartzeak filmak ere modu erromantiko konbentzionalean erakusteko arriskua ekarri dezake, zinemaren tresna melodramatikoenak erabiliz. Mary Shelley filmak beste batzuen arrastoa jarraitzen du, bai idazleen bizitzenak, bai bere eleberrienak, hala nola Pride and Prejudice (2005), Becoming Jane (2007), Jane Eyre (2011) edo A Quiet Passion (2016). Emakume idazle erromantikoak hemen agertzeak filmaren beste osagai bat ekartzen digu, ikuspegi feministarena. Al-Mansour zinemagileak (gogoratu Saudi Arabiako lehen emakume zuzendaria bera dela) XIX. mendean zeuden emakumeei buruzko aurreiritziak erakusten dizkigu, Mary Shelleyk bere lana argitaratzeko izan zituen oztopoak barne. Hala ere, bere amaren eraginari jarraiki (Wollstonecraft feminismoaren aitzindari izan zen), “Frankenstein edo Prometeo modernoa” argitaratzea lortu zuen, hori bai, hasieran modu anonimoan eta Percy Shelleyren itzalean.

Mary Shelley filmak ez du aparteko proposamenarik erakusten, baina bai idazle britainarraren eta bere sorkuntzaren arteko lotura maila literariotik harago zegoela. Eta bukatzeko, azken hausnarketa eta fikzio hipotetiko bat: Shelley-Frankenstein bikotea Koldo Almandozen eskuetan, Sipo phantasman egin zuen collage narratiboaren antzera.