Aurkeztu dute ‘Nafarroa Zinema’ ekimenaren 6.edizioa

Nafarroa Zinema Film Laburren ekimenaren edizio berri bat aurkeztu dute Nafarroako Gobernuaren Turismo sailak eta Nafarroako Film Commissionek elkarlanean. Seigarren edizioa burutuko da aurten, eta irailaren 5era arte egongo da zabalik izen ematea.

Pieza laburren sormenaren bidez, bertako turismoa sustatzea du helburu lehiaketak, bai eta Nafarroak dituen kultura eta paisaia aniztasuna ere. Antolakuntzaren xedea, beraz, aurrez ezarritako hainbat mugarri turistikoetan fikziozko 10 film labur burutzea da, eta adin nagusiko pertsonen parte hartzea galdegin dute horretarako.

Aurtengoan hamar udalerrik gorpuztuko dute deialdia: Lizarrak, Izabak, Egues ibarrak, Fiterok, Iruñeak, Olitek, Urdaxek, Vianak, Zangozak eta Arguedasek. Parte hartzaileek horietako bat aukeratu beharko dute film laburrak errodatzeko, eta antolatzaileek zerrendatutako agertoki zehatzetan grabatu. Hamar minutuko iraupena izango dute lanok, eta epaimahai espezializatu batek aukeratuko ditu 10 proposamen nabarmenenak.

Behin proiektuak onartuta, aukeratuek bi hilabete luze izango dituzte sorkuntza lanak errodatu eta aurkezteko, azaroaren 20ra arte hain zuzen. Antolakuntzaren xedea grabaketarako erraztasun guztiak eskaintzea da, eta beharrezkoa balitz lau lagunentzako egonaldia ordaintzeko prest dira.

Orotara bost sari nagusi banatuko dituzte: 2.500 euroko lehen saria, 1.000 euroko bigarren saria, argazki onenaren 500 euroko saria, ikusleen 500 euroko saria, eta epaimahaiaren 500 euroko sari berezia. Gainera, aurten aurrenekoz, errendimendu onena sarituko duten 100 euroko laguntza banatuko dute.

Baduzu interesik? Ikusi informazio osatua hemen.